Azkoitiko helduen danborradak 75 urte betetzen ditu, eta urteurren hori ospatzeko hainbat ekitaldi ari da antolatzen danborradaren antolaketaz arduratzen den lantaldea. Besteak beste, danbor festaren 75 urteko ibilbidearen historia jasoko duen erakusketa bat ari dira prestatzen azarorako, eta erakusketa horretarako argazkiak jaso nahi dituzte.
Hain zuzen ere, herritarrei dei egin diete etxean izan ditzaketen argazki zaharrak uzteko; zehazki, 1948tik 2000. urtera arteko helduen danborraden irudiak eskuratu nahi dituzte aipatu erakusketarako.
Etxean epe tarte horretako argazkiak izan eta erakusketarako utzi nahi dituztenei eskatu diete argazkiak udaletxeko hirugarren solairuan dagoen Kultura sailaren bulegora eramateko, gutunazal batean sartuta eta argazkiak eraman dituenaren izen-abizenak jarrita. Argazkiak udaletxera eramateko epea ere jarri dute: urriaren 16a, astelehena, izango da horretarako azken eguna.