Eduki babestua

Arto, babarrun eta kalabaza haziak erein ditu Sustraiak Bizirik taldeak

Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 09:59

Mexikoko Xotxikalkoko piramideen magaleko indigenek oparitutako haziak erein ditu taldeak, eta "hurrengo urtean nahikoa hazi izateko eta gero guztia behar bezala etiketatu, nahi duenak handik gerturatu, ikusgarri izan ditzan egindakoak".

Sustraiak Bizirik taldeak lanean jarrairtu du udan zehar, eta arto, babarrun eta kalabaza haziak erein ditu Azkoitiko baratza bizietan. Hazi horien bereizgarria jatorrian dago, izan ere, Mexikoko Xotxikalkoko piramideen magaleko indigenek oparitutakoak dira.

Babarruna izan da alderdi hauetan jaun eta jabe atzo arte gure sukaldeetan. Gaur egun pentsa ezina egiten bazaigu ere, ikaragarrizko soroak zeuden ingurune hauetan eta artoarekin batera babarruna jartzen zen. "Gurean hain errotuta dauden edo egon diren jaki horiek, Mexikoko jatorria omen dute eta joan zen urteko abuztuan, Xotxikalkoko piramideen magalean, bertako indigenen aldarrikapen zeremonian laguntzen ibili ostean, arto, babarrun eta kalabaza haziak oparitu zizkiguten", agertu dute Sustraiak Bizirik taldeko kideek.

Milpa izenez ezagutzen da alderdi haietan, hiru landare hauen artean osatutako soroa eta elkarren artean mesede egiten diete hasten ari diren heinean. "Beraz, dagoeneko prestatuta ditugun baratza bizietan, handik ekarritako haziak erein ditugu, hurrengo urtean nahikoa hazi izateko eta gero guztia behar bezala etiketatu, nahi duenak handik gerturatu, ikusgarri izan ditzan egindakoak", amaitu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide