Plaza Ondo jubilatuen elkarteak zabaldu du ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea. Iaz bezala, guztira sei tailer eskainiko dituzte sasoi berrian, baina ez dira azken ikasturteko berberak izango guztiak; izan ere, arteterapiaren ordez, areto dantzak eskainiko dituzte ikasturte berrian. Honako hauek dira gainontzeko jarduerak: biodantza, pintura, gurutze puntua, puntua eta yoga.
Jubilatuen elkartean eman beharko da izena irailean zehar, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan, irailaren 11ko astean izan ezik. 10:30etik 12:00etara zabalduko dute lokala egun horietan. Bazkideek 25 euroko urteko kuota ordaindu beharko dute ikastaroetan izena emateko.
Biodantza astelehenetan egingo dute, 17:00etatik 18:30era; pintura astearteetan eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara artean; areto dantzak, berriz, asteazkenetan eskainiko ditu Jose Mari Orbegozo dantzari azpeitiarrak, 15:15etik 16:30era bitartean; gurutze puntua, bestalde, astearteetan eta ostiraletan irakatsiko dute, 16:00etatik 18:00etara artean; puntua, astelehenetan eta ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara artean; eta yoga eskolak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira: astelehenetan 15:30etik 16:30era artean elkartuko dira, eta asteazkenetan 17:00etatik 18:00etara artean.
Era berean, ikasturte berrian bingo saioekin jarraituko dute Plaza Ondo elkarteak. Ostegunero jokatuko dituzte saioak, 17:00etan hasita.