Amaiurko (Nafarroa) Artzain Eguna izan zen abuztuaren 15ean, eta han XLVI. Artzain Txakur Txapelketa jokatu zuten hainbat lagunek. Patxi Etxeberria zenaren oroimenezko lehian, Gaizka Etxaniz artzain azkoitiarra izan zen nagusi, border collie arrazako Ira txakurra lagun zuela, 393 puntu batuta.
Bigarren sailkatu zen Roger Jauretxe Pop txakurrarekin, 308 puntu eskuratuta, eta hirugarren, berriz, Jeans Acheritogaray eta Nere txakurra izan ziren, 244 punturekin. Eguraldia lagun, arratsalde ederra pasatu zuten parte hartzaileek nahiz lehia ikustera joandako herritarrek.
Bestalde, egun bat lehenago, astelehenean, Zeanurin jokatu zen Artzain Txakur Lehiaketan ere izan zen Etxaniz, eta han txapelketa irabazterik lortu ez bazuen ere, bigarren sailkatu zen azkoitiarra. Hain zuzen, Jai txakurra lagun zuela egin zituen lanak Etxanizek, eta irabazleak baino –Bittor Bengoetxea eta Izar txakurra, 422 punturekin– bost puntu gutxiago batuta, bigarren postua eskuratu zuen.