Andremari jaietan, Miguel Mari Azpiazu konpositore azkoitiarrak moldatutako piezak joko ditu plazako karilloi erlojuak. Batetik, 12:00etan, Ondo pasau andremaixek pieza entzungo da plazan; eta 20:00etan, berriz, Azkoitia kanta. Udalak Azpiazuren lana eskertu du karilloirako egindako moldaketak tarteko, eta Jose Luis Ferro erlojugilearentzat ere esker hitzak izan ditu erakundeak, eskainitako laguntzagatik.
Astelehenean, hilaren 14an, Andremari jaien hasierako txupinazoa bota ondoren, Ondo pasau andremaixek abestia jotzen du Udal Musika Bandak, eta jarraian, Parrokiako eta Iraurgi abesbatzetako kideek lagunduta, Azkoitia kanta abesten dute herritarrek. Udalaren esanetan, bi abesti horiek "maiteak" dira herritarrentzat, "une berezietan eta gogoangarrietan" kantatzen direlako. Gainera, herriko konpositoreen lanak ezagutarazteko aukera ematen du karilloi erlojuak, udalaren esanetan.