Oletan ere Ez! taldekoek eta Mugimendu Sozialistako kideek botako dute andremarietako txupinazo alternatiboa

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 10a, 10:31

San Jose egoitzako langileek bota zuten iaz txupinazo alternatiboa. (Azkoitiko Gazte Asanblada)

Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurkako borrokan aritu dira Oletan ere Ez! taldeko kideak, eta aldarri hori eramango dute txupinazora. Mugimendu Sozialistako kideek, aldiz, espazio publikoaren pribatizazioa salatuko dute. 

Aldarria izango da txosnaguneko eragileek antolatutako txupinazo alternatiboko protagonista. Aurten, Oletan ere Ez! taldeko kideek eta Mugimendu Sozialistako herritarrek botako dute suziria. Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, "mendietan eolikorik ez dutela nahi aldarrikatzeko eta espazio publikoaren pribatizazioaren aurka" botako dute festei hasiera emateko suziria bi mugimendu horietako kideek. 

Azken urteetan bezala, San Martin auzoko Ardatz elkartearen aurrean botako dute txupinazoa Andremari bezperan, 11:00etan. Hamaiketakoa ere egingo dute bertan, eta plazara jaitsiko dira ondoren, trikitilariez lagunduta. Iaz San Jose egoitzako langileek bota zuten suziria. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide