Andremari jaien atarian, festa giroan ematen diren eraso matxistei erantzuteko helburuz egindako protokoloaren aurkezpena egingo du Urola Erdiko Itaiak larunbatean, Goiko Losan, 18:00etan hasita. Emakumeen antolakunde sozialistak indarkeria matxistari aurre egitera deitu ez ezik, erasoen aurkako protokoloa jarriko du martxan, eta larunbatean emango dituzte protokoloaren inguruko xehetasunak. Hori dela eta, txosnagunean txandaren bat duen herritar oro dago batzarrera deituta, "denon ardura baita protokoloa ondo ateratzea". Erasoen aurkako protokoloa martxan jartzeko, besteak beste, 688 699 370 telefonora deitu beharko da.
Itaiako kideen hitzetan, festen testuinguruan, eraso matxistak "areagotu, normalizatu eta gordindu" egiten dira, eta horiei erantzuteko "tresnak sortzea garrantzitsua" dela adierazi dute. "Beharrezkoa ikusten dugu emakume langileok gure kabuz antolatzea eta gure babeserako bitarteko ezberdinak sortzea", adierazi dute.
Beste hainbat herritan etxeratze kolektiboak antolatu dituzten arren, aurtengoan Azkoitian ez dute ekimen hori antolatu.