Azkoitiko danborradako erreferenteek botako dute andremarietako txupinazoa

Julene Frantzesena 2023ko abu. 7a, 10:24

Joan zen azaroan egin zen danborradako irudia. (Julene Frantzesena)

75 urte betetzen ditu aurten Azkoitiko danborradak, eta lehen danborradetan parte hartu zuen Justino Sasietak nahiz Xanti Artetxe Etxesa eta Ana Etxaniz Olaberri egungo zuzendari beteranoek botako dute jaien hasierako suziria. Danborradarekin lotura estua duten herritar guztiak txupinazoaren orduan udaletxera joatera gonbidatu ditu udalak.

Azkoitiko danborradari eta danborradaren atzean dauden gizon-emakume guztiei aitortza egiteko baliatuko du Azkoitiko Udalak aurtengo Andremari jaien hasierako txupinazoa. Izan ere, aurten 75 urte betetzen ditu Azkoitiko danborradak. Hain zuzen ere, danborradan erreferente diren hiru herritarrek botako dute jaien hasierako suziria aurten: lehen danborradetan parte hartu zuen Justino Sasietak nahiz Xanti Artetxe Etxesa eta Ana Etxaniz Olaberri egungo zuzendari beteranoek.

Astebete baino ez da falta aurtengo festak hasteko, eta gaur jakinarazi du Azkoitiko Udalak txupinazoa zein herritarrek botako duten. Ana Azkoitia alkateak jakinarazi duenez, gainera, danborradarekin "lotura estua" duten eta sentitzen duten herritar guztiak udaletxera gonbidatuta daude Andremari bezperan, 12:00etan, txupinazoaz herriko etxetik goza dezaten.

Ana Azkoitia alkatea eta Igor Isuskiza zinegotzia danbor banarekin udaletxeko balkoian. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiaren hitzetan, gizon-emakume askori esker antolatu ahal izan da danborrada 75 urte hauetan, eta asko dira danborrada estimatzen duten herritarrak eta danborradarekin lotura estua dutenak. "Asko dira aitortza eta eskertza merezi dituzten herritarrak, eta haientzat guztientzat izango da aurtengo txupinazoa. Urtez urte, danborrada egitea posible egin duten guztiei eskainiko diegu", esan du alkateak.

1948. urteko abuztuaren 14an egin zuten lehen danborrada Azkoitian, eta ordutik hona egindako edizioak gogora ekartzeko abagunea izango da datorren astelehenekoa, udalak jakinarazi duenez. "Iritsiko dira datozen urteetako Andremari jaiak, baina 2023ko festak ez ditugu inoiz errepikatuko. Horregatik da une berezia barrika eta danbor jotzaileekin, zuzendariekin, kantinerekin, antolatzaileekin eta gainerako herritarrekin partekatu nahi duguna", gaineratu du Azkoitiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide