Joan den asteartean jakinarazi zuen udalak 2023ko Andre Mari jaietako egitaraua, eta atzo, Azkoitiko Gazte Asanbladak eman zuen andremarietan txosnagunean gauzatuko duten festa egitarauaren berri.
Datorren zapatuan, abuztuaren 12an, Itaiak eraso matxistei aurre egiteko jaietarako prestatutako protokoloaren aurkezpenarekin eta garagardo dastaketarekin hasiko dute andremarien bueltako egitaraua Goikolosako txosnagunean. Gaur zortzi, hilaren 13an, Gazte Asanbladaren II. Mus Txapelketa jokatuko dute, eta asteburuko girotze lanen ostean, 11:00etan txupinazo alternatiboa botata, murgilduko dira andremarietan.
DJak eta kontzertuak nagusi dira Gazte Asanbladak antolatu duen jai egitarauan. Banaka zein binaka, 11 DJ igaroko dira txosnetako agertokitik, eta CheckBoyz, Inguma, Rodeo, Trini Fox eta J Martina taldeek kontzertuak emango dituzte bertan. Abuztuaren 12an hasi eta 18an bukatuko da txosnaguneko egitaraua, baina 17rako ez dute ekintzarik aurreikusi.
Hona hemen, Azkoitiko Gazte Asanbladak aurtengo andremarietarako prestatu duen egitaraua:
Abuztuak 12, zapatua
- 18:00. Itaiaren protokoloaren aurkezpena.
- 19:00. Izar-Haitz garagardo dastaketa.
Abuztuak 13, igandea
- 17:30. Azkoitiko Gazte Asanbladaren II. Mus Txapelketa.
Abuztuak 14, astelehena
- 11:00. Txupinazo alternatiboa.
- 17:00. DJ saioa: Romerinho; Anthony Pern eta Attitte; Albi; Suupe eta Porru; Murxi eta Munizzio.
Abuztuak 15, asteartea
- 20:30. Kontzertuak: CheckBoyz, Inguma eta Rodeo.
Abuztuak 16, asteazkena
- 01:00. Txunba.
- 01:30. Tintz eta Kanpax DJak.
Abuztuak 18, ostirala
- 12:00. Kuadrillen arteko jolasak.
- 22:00. Kontzertuak: Trini Fox eta J Martina.
- 01:00. DJak: 3haiZra eta San Telmo.