Aste gutxi barru murgilduko da Azkoitia andremarietan, eta festa horietan "balkoietan Azkoitiko bandera zintzilikatzera animatu nahi" ditu aurten ere herritarrak Azkoitiko Udalak.
Iaz, herriko bandera ofizial berria plazaratu ostean, bandera gorri horren erreplikak atera eta saldu zituen lehen aldiz udalak, hala nahi zuten azkoitiarrek kaleak girotze aldera beren etxeetan jartzeko. Joan den urtean banderarik erosi ez zutenek edota gehiago behar dituztenek bihar ere izango dute jaietako banderolak erosteko parada. Dena den, iaztik banderak gordeta dituztenek haiek aprobetxa ditzaketeela gogorarazi du udalak.
Bihar, osteguna, iaz saldu gabe gelditu ziren 200dik gora bandera jarriko ditu salgai udalak, 17:30etik 19:00etara bitartean, Kontzejupean. 2022ko lehen aldian bezala, bi eurotan erosi ahal izango dira banderak, eta horien salmentatik ateratzen den dirua Herrixen merkatari elkartearentzat izango da