Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko aurtengo deialdia ireki du Azkoitiko Udalak. "Laguntzak eska daitezke garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko helburua duten programak garatzeko; eta baita herrialde horietako errealitatearekiko eta hori sortzen duten arrazoiekiko Azkoitiko herritarren interesa sustatzen lagunduko duten ekimenak gauzatzeko ere", zehaztu ditu udalak dirulaguntza horien bidez lagundu daitezkeen egitasmoak.
Udalak, Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez, 60.000 euroko diru poltsa bideratu du aurten GKEentzako dirulaguntzen lerrora. Herrian edota Urola bailaran lan egiten duten GKEek irailaren 30era bitartean aurkez ditzakete beren eskaerak, telematikoki; udalaren azkoitia.eus webguneko online izapideen atalean bete behar dituzte eskaera inprimakiak.
Ondoko estekan eskuratu daiteke eskaerak aurkezteko informazioa zein inprimakiak. Hemen, berriz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) joan den ostiralean argitaratu zuten deialdiaren xehetasun guztiak.