Egunak besterik ez dira falta herriko festetarako, eta andremarietako egitarauaren barruan, kaleak eta plazak girotuko dituzten musika talde protagonistak zein izango diren iragarri du erakundeak gaur. Aurten, herriko plazako agertokira igoko dira Su Ta Gar taldea, Neomak eta Gozategi. Abuztuaren 14an, astelehenez, arituko dira Su Ta Gar taldea plazan; abuztuaren 15ean, asteartez, Neomak, eta abuztuaren 16an, asteazkenez, Gozategi. Abuztuaren 17an, ostegunez, erromeria gaua izango da Balda plazan Etxeberritxo eta Ugaitz trikitilariekin.
Ordea, musika ez da plazetara mugatuko; izan ere, herriko kaleak girotuko dituzte beste hainbat musika taldek. Hain justu, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Rockalean eta Joselontxos txaranga ere kalez kale ibiliko dira jaietan herriko bazterrak girotzeko. Andremariak batukadaren erritmoan agurtuko dira Kuadrillen Egunean, Brincadeira talde kataluniarrarekin. Eta nola ez, urtero bezala, musika bandak, Txalkor txistulari taldeak eta dultzaineroek osatuko dute kartela.
Udalak jakinarazi du "egun batzuk barru" banatuko dutela andremarietako aurtengo egitaraua etxe guztietan.