Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua ezagutzeko aukera izan dute herritarrek

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 23a, 19:02

Urtero legez, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek herrixka gotortuan bisita antolatu dute, eta jende ugari animatu da Munoaundiko aztarnategia ezagutzera. Aurten ere ari dira indusketak egiten.

Beste urte batez, Azpeitia eta Azkoitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua bisitatzeko aukera izan dute herritarrek gaur goizean. Bi herrietako udalek eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta egin dute bisita gidatua aztarnategira, eta jende ugari animatu da leku berezi hori gertutik ezagutzera. 

Abaraxkatik abiatu dira 11:00etan, eta oinez joan dira herri harresitura, 25-30 minutuko bidea eginez. Munoaundira iristean, berriz, bisita gidatuaz gozatu ahal izan dute, Aranzadiko kide eta Munoaundi aztarnategiko arduradun Antxoka Martinezek gidatuta. Askotariko azalpenak entzun eta zalantzak argitzeko tartea izan ostean, Abaraxkan amaitu dute ibilaldia. 

Munoaundi aztarnategiari buruzko bideo erreportajea egin zuen Erlo Telebistak Antxoka Martinezen adierazpenak jasota. Hemen ikus daiteke bideoa osorik.  

(Argazkiak: Aranzadi)

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide