Azkoitiko danborrada omenduko du udalak aurtengo Andre Mari jaiei hasiera emateko txupinazoan. Aurten, 75 urte bete ditu Azkoitiko danborradak, eta udalak sortu zenetik gaur egunera arte parte hartu duten danbor jotzaileei, zuzendariei, antolatzaileei eta danborradarekin lotura zuzena duten guztiei egingo die aitortza.
Udalak adierazi du danborradari eta danborradaren atzean dauden gizon-emakume guztiei aitortza egingo diela, eta danborradaren antolaketan "paper esanguratsua izan duten pertsona erreferenteak" igoko dira udaletxeko balkoira txupinazoa botatzera. Dena den, erakundeak udaletxera gonbidatu ditu "danborradarekin lotura estua izan duten lagunak".
1948ko abuztuaren 14an egin zen Azkoitian aurreneko danborrada. Jose Antonio Muguruza hernaniarrak zuzendu zuen lehenengo danborrada hura, eta Eusebio Alberdi Txulok musika banda. Hogeita hamar bat danbor jotzaile eta beste hainbat barril jotzailek osatu zuten lehen talde hura.
Juan Bautista Mendizabal zinegotziaren eta kronistaren arabera, Anaitasuna futbol taldeko orduko presidente Eusebio Berasategik proposatu zuen danborrada antolatzea, "Anaitasunak Andre Mari festetan bere ekarpena egin zezan".