Gutuna

Zenbat erakutsi digun Tarekek

Mailu Sagarzazu Unanue 2023ko uzt. 18a, 09:23

(Argazkia: Pixabay)

Mailu Sagarzazu Unanuek gutun hau idatzi du, joan den larunbateko gertakari baten haritik.

Larunbat arratsaldeko pasarte bat aipatu nahiko nuke.

Ahizparekin zerbait hartzen nengoela, mutiko bat pasatu zen, katu txiki bat besoetan zuela. Mutikoaren izena Tarek da. Katutxoa nondik atera zuen galdetu genioenean, kaminu bazter batean aurkitu zuela erantzun zigun, kotxeek harrapatzeko arriskuarekin.

Orduan, mutikoari Udaltzaingora lagundu nion, eta aipatzekoa da bertan sartu orduko Adrian udaltzainak egin zigun harrera. Horretaz gain, mutikoa sentiberatasun eta goxotasun handiarekin hartu zuen. Mutila lasaitu, eta Katulagun elkartera deitu zuen udaltzainak.

Zain geundela, mutikoari bi malko handi atera zitzaizkion, eta horrekin batera, bere esku txikia poltsikora sartu eta zeukan euro bakarra atera zuen, katutxoari esnea erosiko liokeela esanez, animaliak gosea izango zuelakoan.

Benetan hunkituta gelditu nintzen, a zer borondatea Tarekena!

Katulagun elkartekoak heldu bitartean, aipatzekoa da mutikoak katuarekin izan zuen jarrera goxoa.

Azkenean, bere lana ondo eginez, mutikoa lasaitu zuen elkarteko emakumeak!

Bizitzan, egunerokotasuneko keinu edo ekintza txikiak izan ohi dira eskuzabaltasun handienaren seinale.

Gaurkoan, zenbat erakutsi digun Tarekek eta zenbat dugun ikasteko.

Eskerrik asko, Tarek!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide