Lau hilabete pasatxo greban egin ostean, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak lanera itzuliko dira. Izan ere, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Osakidetzan garbiketa zerbitzua eskaintzen duten azpikontratatutako enpresek akordioa erdietsi dute.
Lan hitzarmen berria sinatu dute sektoreko bi aldeek gaur Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan, eta horrekin, bukatutzat eman dute hilabeteetako lan gatazka. Akordioa larunbatean itxi zuten bi aldeek, eta Osakidetzak egunotan eman dio oniritzia sindikatuek eta patronalak adostutako neurrien gainkostu ekonomikoari. Izan ere, adostu dutenaren arabera, langileek azken hiru urteetako ibilbide profesionalaren ordaina jasoko dute eta aurreko hiru urteen konpentsazio partziala ere bai. Gainera, lanpostu hutsak betetzeko eta errelebo kontratuak egiteko konpromisoa ere jaso dute hitzarmenean.
Dena den, ELA sindikatua akordiotik kanpo gelditu da, haren hitzetan gainerako sindikatuek onartu egin dituztelako Osakidetzaren eta enpresen "murrizketak". Hitzarmena sinatu duten sindikatuek jarrera "inkoherentea" izan dutela ere salatu du ELAk, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileentzako "baldintza okerragoak betikotu" dituztelako.
Garbitzaileen grebari eta lan gatazkari lotuta, Urola Kostako Hitza egunkariak honako artikulu hau argitaratu zuen joan zen ekainaren 2an, eta joan zen astean, uztailaren 5ean, berriz, Zarauzko anbulatorioko bi garbitzailerekin hitz egin zuen gertatzen ari zenaz hedabide horrek.