Kaos Etiliko eta Rodeo taldeen kontzertuak bihar, plazan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 14a, 09:01

Zigor Leza taldeko abeslaria. (Kaos Etiliko)

22:30ean hasiko dira kontzertuak herriko plaza nagusian. Rock doinuak plazaratuko dituzte Aguraingo (Araba) eta Zestoako (Gipuzkoa) musika taldeek.

Bihar, zapatua, kontzertu eguna izango da Azkoitian. Hilabete batzuen ondoren, musikak girotuko du berriro ere herriko enparantza nagusian. Um Blem Ble tabernarien elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, Kaos Etiliko eta Rodeo musika taldeak igoko dira plazako oholtzara, 22:30ean.

Kaos Etiliko rock taldea 90eko hamarkada amaieran sortu zen Agurainen (Araba). Taldea 2000. urtean banandu zen elkarren artean zituzten desadostasunak tarteko, eta Fontak, Aguayok eta Aguayicok Kaotiko taldea sortu zuten. Zigor Lezak eta Kepak, berriz, La Caza taldea sortu zuten lehenik eta Sioux (taldea) taldea ondoren.Dena den, Leza abeslariak taldea berrartu zuen iaz; gainera, hura da jatorrizko talde hartako egungo kide bakarra, beste musikari batzuekin batera. Berrartutako taldearen Revuelta! diskoa ere iaz atera zuten.

Zestoako (Gipuzkoa) Rodeo rock musika taldea izango da biharko beste protagonista. Kyuss taldearen influentziaz bustirik, 2014an hasi ziren Rodeo taldeko kideak stoner erako doinuak lantzen. 2015eko martxoan kontzertu bat eman eta jendearen erantzun ona ikusirik, abestiak sortzeari ekin zioten. Horrela, urte bereko abenduan maketa bat grabatu eta 2016ko otsailean aurkeztu zuten. Harrezkero, lau disko aurkeztu ditu taldeak: 2017an kaleratu zuten Rodeo izeneko lehen lana; 2018an, Dilmun lana atera zuten; 2020an, Ezherrian EPa, eta iaz, Moira lana.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide