Atzo, astelehena, itxi zen andremarietako film laburren lehiaketarako izen-emate epea, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, zortzi taldek eman dute izena lehiaketan parte hartzeko. Izena emanda, orain abuztuaren 7ra arteko epea izango dute horiek guztiek lanak Kultura Sailean aurkezteko.
Zortzi talde horiek Maxixatzen gaia oinarri hartuta aurkeztu beharko dituzte lan guztiak, Maxixatzen elkarte edo aldizkari bezala, edo Maxixatzen hitzaren esanahia bezala. Gehienez 12 minutuko iraupena duten lanak aurkeztu daitezke; lanek euskaraz egindakoak, originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dute, eta gainera, formatu digitalean aurkeztu beharko dira proiektuak –DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatua–. Halaber, udalak gogorarazi du herritar baten irudia erabili, imitatu edo aipamen zuzena egitekotan, eragiten dion herritarrari onespena eskatu beharko zaio.
Aurkeztutako lanak abuztuaren 15ean, Andre Maria egunean, aurkeztuko dituzte herriko plazan.