Jai giro ederrean agurtu dituzte Urrategi auzoko jaiak

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 10a, 12:17

Herri kirolak, haurrentzako puzgarriak nahiz magia ikuskizuna eta erromeria izan ziren atzo arratsaldean Urrategi auzoan. Goizean bezala, arratsaldean ere jende ugari bildu zen auzoan, eta giro ederrean ospatuta agurtu zituzten jaiak.

Amaitu dira Urrategi auzoko jaiak. Atzo, igandea, Urrategiko Ama Birjinaren eguna izan zen, eta haren izena daraman Azkoitiko auzoan askotariko ekintzekin ospatu zuten eguna. Goizean, meza, trikiti eta bertso artean murgildu ziren auzora joandakoak, eta arratsaldea ere festa giro ederrean gozatu zuten.

Auzoko elkartean nahiz elizaren bueltan dozenaka herritarrek bazkaldu zuten, eta indarrak hartu ondoren, festan jarraitu zuten. Haurrentzako jolasak, Julen magoaren ikuskizuna eta herri kirol proba konbinatua izan ziren arratsaldean, auzoko plazan. Herri kirol saioan aritu ziren Jon Unanue Goenatxo III.a zein Mikel Larrañaga eta Udane Ostolaza nahiz Julen Alberdi Txikia IV.a. Probaren ondoren, eta jaiak amaitzeko, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek erromeria eskaini zuten.

Aldi berean, errifaren zozketa ere egin zuten festa batzordeko kideek arratsaldean. 0.527 zenbakia da saritua, eta 1.107 zenbakia, ordezkoa. Zenbaki sarituak hamabost eguneko epea izango du otarrea jasotzeko. Irabazlea agertzen ez bada, berriz, ordezko zenbakiak jasoko du saria.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide