Atzo, zapatua, Matadeixeren 27. urteurrena ospatu zuten dozenaka lagunek. Egun osoko egitaraua izan zuten han bildutakoek festarako; izan ere, eguerditik gauerdira bitartean egin zituzten ekintzak. Lagunarteko bazkariarekin ekin zioten atzoko jaiari kulturgunean. Matadeixeren atarian jarri zuten mahaia, eta han egin zuten otordua 30 bat lagunek.
Arratsaldean jarraitu zuen festak. 18:00etan, azken urteetan ohiko hitzordua bihurtu den serigrafia tailerra egin zuten; tailerraren bidez eskulanetan murgiltzeko aukera izan zuten Matadeira joan zirenek. Gaua, berriz, Azkoitiko CheckBoyz rap taldeak borobildu zuen, eta ondoren, mikro irekian aritu ziren.