Gogor gaitzetsi dute Iruñeko hilketa matxista

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 3a, 19:39

Plazan egin dute elkarretaratzea arratsaldean. (Itaia)

Joan den larunbatean Iruñean jazotako hilketa matxista gaitzetsi eta salatu dituzte dozenaka herritarrek. Itaia antolakundeak indarkeria matxistari aurre egiteko "beharra eta urgentzia" azpimarratu ditu gaur arratsaldean herriko plazan egin duten elkarretaratzean. 

Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, gogor gaitzetsi dute larunbatean Iruñean izan zen hilketa matxista. Itaiak deituta, dozenaka herritar elkartu da herriko plazan Euskal Herrian jazo den azken hilketa matxista gaitzesteko eta salatzeko.

Hain justu, Itaiak adierazi du "guztiz normalizatuta" dagoen "indarkeria matxistaren espresio gordinena eta muturrekoena" dela erailketa matxistena. Euskal Herriko emakumeon antolakunde sozialistako kideek nabarmendu dute ez dela "fenomeno isolatu bat" Iruñean jazotakoa. "Emakumeon aurkako erasoak etengabe gertatzen dira, zapalduta mantentzen gaituen gizarteak eragindako biolentziaren ondorio modura".

Horren aurrean, indarkeria matxistari aurre egiteko "beharra eta urgentzia" azpimarratu ditu antolakundeak. "Erantzun eraginkorrak eta emakumeok egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabideak garatu behar ditugu". Urola Erdiko Itaiak horretan "lanean jarraitzeko konpromiso sendoa" adierazi du.

51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen zapatuan labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren Anayak tabernan. Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Itaiak "babes eta elkartasun osoa" helarazi dizkie eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide