Auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan Urrategin

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 4a, 10:06

Iazko jaietako irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Ohi bezala, uztaileko bigarren asteburuan ospatuko dituzte jaiak Urrategi auzoan. Ostiralean, hilak 7, hasiko dira jaiak mus txapelketarekin. Larunbatean bazkaria egingo dute auzotarrek, eta igandean, askotariko ekitaldiak egingo dituzte.

Jaiak ospatuko dituzte ostiraletik igandera bitartean Urrategi auzoan. Ohi bezala, uztailaren bigarren asteburuan ospatuko dituzte jaiak han, eta lehen eguna etzi, ostirala, izango da. Hain zuzen ere, mus txapelketa azkarra jokatuko dute egun horretan 22:00etan hasita, eta lau sari egongo dira jokoan: lehen sailkatuak txapela eta 300 euro eramango ditu; bigarren sailkatuak, 150 euro; hirugarrenak, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria, eta laugarrenak, bi oilasko.

Txapelketarako izen-ematea egunean bertan izango da, Urrategiko elkartean. Bikoteko hogei euro ordaindu beharko da inskripzioa, eta joko legea ere zehaztu dute antolatzaileek: lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara izango da lehia.

Igandea, egun nagusia

Jaiak ostiralean hasiko badira ere, larunbatean eta igandean ere izango dira ekitaldiak. Zapatuan, auzo bazkaria egingo dute Urrategiko auzotarrek, eta igandean izango dira festetako ekitaldi nagusiak. 09:00etan eta 11:00etan meza bana egingo dituzte han; bigarrena izango da eguneko elizkizun nagusia. Horren ostean, 12:30 aldean, Joanes eta Xabat Illarregi anai bertsolarien saioa eta Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango dira.

Arratsaldean jarraituko du festak Urrategin. 16:00etan, haurrentzako jolasak izango dira, eta 17:00etan, Julen magoaren ikuskizuna. 18:00etan, berriz, herri kirol proba konbinatua jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak zein Mikel Larrañagak eta Udane Ostolazak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak. Herri kirolen ondoren eta jaiak amaitzeko, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango da.

Hona hemen Urrategiko jaien egitaraua, osorik:

Uztailak 7, ostirala:

  • 22:00etan, mus txapelketa azkarra.
    • Sariak:
      • 1. Txapelak eta 300 euro
      • 2. 150 euro.
      • 3. Isidro erretegian bi lagunentzako afaria.
      • 4. Bi oilasko.

Uztailak 8, larunbata:

  • Auzo bazkaria egingo dute elkartean.

Uztailak 9, igandea:

  • 09:00etan, meza.
  • 11:00etan, meza nagusia.
  • 12:30ean, Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak.
  • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak.
  • 16:00etan, ume jolasak.
  • 17:00etan, Julen magoaren ikuskizuna.
  • 18:00etan, herri kirolak. Goenatxo III.ak eta Mikel Larrañagak, Udane Ostolazaren eta Julen Alberdi Txikia IV.aren aurkako proba konbinatua jokatuko dute.
  • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide