Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra Azkoitiko Baztartxo antzokira iritsi zen larunbatean. 2023rako prestatutako biraren barruan, kontzertua eskaini zuten zapatuan Baztartxon. Izatez, Balda plazan ziren emanaldia eskaintzekoak 20:00etan, baina aurrez iragarri zuten bezala, Baztartxora lekualdatu zuten, eta 19:00etan hasi zen kontzertua. Hainbat izan ziren aldaketaz ohartu ez ziren herritarrak. Dena den, jende ugari bertaratu zen Baztartxora emanaldiaz gozatzera. Ordubete inguruko emanaldia izan zen, eta bertan Abaraxkan egindako egonaldian prestatutako errepertorioa eskaini zuten.
2014. urtean jarri zituen abian, jazz banda gazte baten hutsuneari erantzuteko. Gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikasle aurreratuenek osatzen dute banda, eta besteak beste, saxofoi, piano, bateria, baxu, tronboi edota tronpeta ikasleek parte hartzen dute. Dena den, euskal musika tresnei ere lekua egin diete, eta txalaparta, trikitia, txistua eta alboka jotzen duten kideak ere badaude orkestran. Hain justu, Itxaso Alberdi azkoitiarra da EIJOko kideetako bat; hark pianoa jotzen du orkestran.