Itaiak elkarretaratzea egingo du bihar, astelehena, atzo Iruñean izandako hilketa matxista salatzeko. Kontzentrazioa 19:00etan izango da, Azkoitiko plazan.
51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen atzo labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren Anayak tabernan. Gizonezkoa gaur pasatuko da epailearen aurretik. Bitartean, Espainiako Polizia eta udaltzainak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina dagoeneko baieztatu dute genero indarkeria egotziko diotela atxilotuari. Sumarioa sekretupean dago.
Urteko laugarrena
Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten. Ekainaren 15ean 89 urteko emakume bat hil zuen 28 urteko ilobak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu zuen hilketa matxista izan zela.