Andremarietako XI. Film Laburren Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea bihar, ostirala, irekiko du Azkoitiko Udalaren Kultura Sailak. Era berean, erakundeak gaur jakinarazi ditu aurtengo lehiaketara lanak aurkeztu ahal izateko taldeek zein oinarri jarraitu beharko dituzten.
Maxixatzen da aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia; horri lotutako lanak aurkeztu beharko dira. Kultura Saileko ordezkariek adierazi dute "bi ikuspegi posible" dituela gaiak: "Maxixatzen elkarte edo aldizkari bezala, edo Maxixatzen hitzaren esanahia bezala", azaldu dute. Lehiaketan izena emateko azken eguna uztailaren 10a izango da, eta film laburrak aurkezteko epea abuztuaren 7an itxiko dute. Lanak udaleko Kultura Sailean aurkeztu beharko dira.
Gehienez 12 minutuko iraupena duten lanak aurkeztu daitezke; hortik gorako iraupena duten lanak "lehiaketatik kanpo" utziko dituzte. Lanek euskaraz egindakoak, originalak eta inon saritu gabekoak izan beharko dute. Gainera, formatu digitalean aurkeztu beharko dira proiektuak –DVD, CD edo edozein ordenagailu arruntek irakurriko duen formatua–. Dena den, 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete soilik lehiaketan.
Azken edizioetan bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu udalak: Epaimahaiaren saria eta Ikuslearen saria. Epaimahaiaren saria lortzen duenak ezingo du Ikuslearen saria lortu. Hori horrela, sari bat zein bestea irabazten duen taldeak 300 euroko dirusaria eta oroigarria jasoko ditu. Dena den, gutxieneko kalitatea bermatzen duten lan guztiek 150 euroko dieta jasoko dute.
Kontuan hartzeko baldintzak
Bestelako oinarrien inguruko azalpenak ere eman ditu Kultura Sailak. Izen-emate epea itxi ondoren lan asko aurkeztuz gero, parte hartzaileekin bilera bat antolatuko lukete zer neurri hartu erabakitzeko. Bestalde, lau film labur baino gutxiago aurkezten badira, ez dute lehiaketarik egingo.
Horrez gain, herritar baten irudia erabili, imitatu edo aipamen zuzena egitekotan, eragiten dion herritarrari onespena eskatu beharko zaio. Halaber, gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dituzte onartuko.