Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, aurreneko Gazte Eguna ospatu zuten atzo Azkoitian. Egun guztirako egitarau zuten prestatuta, eta pentsatuta bezala gauzatu zituzten jarduera guztiak, giro ederrean, gainera.
Hamaiketakoarekin eman zioten hasiera egitarauari, San Martingo Ardatz elkartean. Handik kalera jaitsi ziren, Kultur Etxera hain zuzen, oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoen inguruko solasaldia baitzuten. Azken urteetako eta gaur egungo testuinguru politikoa, maiatzaren 28 hauteskundeek herrian utzi duten panorama, jardun politikoa gauzatzeko herrian dituzten zailtasun eta oztopoak eta beste hainbat kontu izan zituzten hizpide.
Handik aurrerakoak Goiko Losan egin zituzten. Aurrena, bazkaldu egin zuten; ondoren, bingo musikatuan ibili ziren; eta gero, mojito txapeljeta egin zuten. Eguna borobiltzearen ardura Ol_ber DJak eta Aibofobiak izan zuten, eta dozenaka lagun jarri zituzten dantzan.