Plaza Ondo elkarteak antolatuta, egunpasa egin zuten atzo, asteazkena, herriko dozenaka jubilatuk Kantabriara (Espainia). Hain zuzen, hango Ajo, Noja eta Islares herriak (Espainia) bisitatu zituzten azkoitiarrek. 130 lagun inguruk parte hartu zuten bidaian, eta giro onean igaro zuten eguna.
Autobusez egin zuten bidaia Azkoititik Kantabriara. Aurrena, Ajon egin zuten geldialdia hamarretakoa egiteko, eta indarberritu ondoren, Noja eta Islares ezagutu zituzten jubilatuek. Hain zuzen, Islaresen egin zuten bazkaria. Itzulerakoan, Santurtzin (Bizkaia) egin zuten geldialdia, eta 20:30 aldera iritsi ziren herrira.