San Joan bezpera, suaren bueltako ospakizun

Andoni Elduaien 2023ko eka. 22a, 17:58

San Joan bezpera bateko suaren irudia. (Artxiboa)

San Joan bezperarako udalak antolatutako ekitaldiak 19:30an hasiko dira musikarien eta dantzarien kalejirarekin. 19:45ean, Doniene ikuskizuna eskainiko dute horiek Balda plazan. Gauean, Bizkargi musika eta dantza eskolak piztuko du udalak antolatutako San Joan sua. Matadeixen ere ekitaldiak antolatu dituzte sua ardatz hartuta.

Bihar, ostirala, San Joan bezpera da, eta udako solstizioari ongietorria emateko suaren bueltan ospatuko dute azkoitiarrek iluntze-gau partea. Aurten, Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek izango dute udalak antolatutako San Joan sua pizteko ardura. 40. urteurrena ari da ospatzen Bizkargi, eta "herriari musika formakuntzan eta herriko festa nahiz kultur aktibitateen dinamizazioan egindako ekarpenagatik" egingo diote aitortza eskolari.

Suaz gain, ordea, musikak eta dantzak ukitu berezia emango diote biharko egunari, herriko musika eta dantza talde plaza horretan emanaldiak eskainiko dituzte-eta arratsaldetik gauerdira arte. 19:30ean, Bizkargi eskolako dantzariek zein musikariek eta Txalkor taldeko txistulariek kalejira egingo dute Gaztanenea eraikinetik Balda plazara, 19:45etik 20:30era bitartean, dantzari txikien Doniene dantza eta musika ikuskizuna eskainiko baitute plaza horretan.

22:00etan piztuko dute San Joan sua Bizkargi eskolako arduradunek. Ohi bezala, musika eta dantza protagonista izango dira biharko suaren jaian ere; Azkoitiko musika bandak, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak, Parrokiako Abesbatzak eta Bizkargi eskolako abesbatzak, dantzariek eta musika banda gazteak parte hartuko dute ekitaldian. Horiek guztiek abesti eta dantza herrikoiak eskainiko dituzte sua piztutakoan. Sua apaltzen denean, berriz, Bizkargi musika eskolako dantza taldeak XIV. Zatoz Dantzara Balda Plazara emanaldia eskainiko du. Aitor Sorazu dantza irakaslearen aginduetara dantza herrikoiak dantzatzeko eta ikasteko aukera izango da orduan.

Matadeixen ere sua ardatz

Bestalde, Matadeixen ere suaren bueltako egitaraua prestatu dute biharko. Matadeixen 27. urteurrenaren barruan, Jon Urzelai idazleak Su festak (Euskal musika jaialdiak XXI. mendean) saiakera liburua (Susa) aurkeztuko du kulturgunean, 18:30ean hasita. Antton Iturbek bideratuko du aurkezpena, eta idazle zumarragarrak gaur egungo musika jaialdien inguruan ondu duen lanaren gakoak emango ditu herritarren aurrean. Iluntzean, berriz, Sua eta patata izeneko ekitaldia egingo dute Matadeixen. Eraikinaren kanpoaldean piztuko dute sua, eta patata erreko dute gero hura jateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide