Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatuko du Koro Segurola (Usurbil, Gipuzkoa, 1962) larunbatean, hilaren 24an, Azkoitian egingo duen ekitaldian. Ohi bezala, Intsausti jauregian izango da saioa, 11:30ean hasita, eta han izendatuko dute Adiskide Numerario euskaltzain urgazlea eta Egan aldizkariaren zuzendari dena.
Bi zati izango ditu ekitaldiak: aurrenekoan, Segurolak Letra ederrak eta euskara Euskalerriaren Adiskideen Egitasmoetan ikasgaia aurkeztuko du, eta bigarren zatian, Juan Luis Zabala idazle azkoitiarraren txanda izango da. Hain zuzen, Literatura sorkuntza 'Egan' aldizkarian hitzaldia eskainiko du hark, elkarteak sei hilabetero argitaratzen duen Egan literatur aldizkariaren 75. urteurrena dela eta.
Ekitaldia amaitzean, luntxa egingo dute hara bertaratzen direnek Intsausti jauregian bertan. Luntxa antolatzeko, herritarrek beren parte hartzea jakinaraz dezatela eskatu du elkarteak, comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net edo harbil@zestoa.com helbide elektronikoetara mezua idatzita edo 649 12 48 20 telefonora deituta.