Erretratua

Ione de la Cruz: "Emakumeak beraien artean saretzea da gure helburua"

Andoni Elduaien 2023ko eka. 30a, 11:03

Ione de la Cruzen erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Azken urteetan Azpeitiko Emakumeen Txokoko teknikaria da Ione de la Cruz azkoitiarra, eta emakumeak ahalduntzeko zein gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko lan egiten du. Gune horretako zerbitzuek asko eman diote azkoitiarrari: "Emakume bakoitza mundu bat garela ikasi dut".

Azpeitiko Emakumeen Txokoko teknikaria da Ione de la Cruz (Azkoitia, 1993). Azpeitiko mugimendu feministan ibilia, gune horretan eskaintzen zituzten zenbait ikastarotara joaten hasi zen. Gizarte Hezkuntza ikasten ari zela, laugarren mailako ikasturte osoko praktikaldia Emakumeen Txokoan egin zuen, eta gero, lanean hasi zen bertan. Emakume etorkinen inguruko proiektu bat izan zen gune horretan egin zuen aurreneko lana: Geografiak. Orduz geroztik, hainbat lan egiten ditu azkoitiarrak.

Gaur egun, Azpeitiko Emakumeen Txokoan "denetarik" egiten du De la Cruzek, askotariko lanak izaten ditu: "Espazioa kudeatzea, kontratazioak egitea, ikasturteko programazioa osatzea eta elkarte zein eragile desberdinekin koordinatzea dira nire eginbeharrak". Hori horrela, txokoa "gune eta tresna" moduan erabiltzen dela argi du azkoitiarrak, betiere "ikuspegi feministatik" lana eginez. Bi helburu zehatz dituzte oinarri hartuta: "Emakumeen ahalduntzea eta gizonen zein emakumeen arteko berdintasuna sustatzea".

Emakumeen Txokoko teknikari lanetan bost urte inguru daramatzan arren, urteen eraginez aldaketak nabariak izan direla azaldu du: "Lehen baino pertsona gehiagoren ahotan dago feminismoa, eta jende gehiago zein anitzago hurbiltzen da gugana gaur egun". Aniztasun handiagoa egoteak beharrak ere areagotu egin dituela uste du, eta horrek aldaketak egitea bultzatu duelakoan dago: "Lehen, berdintasun politika batzuek emakume guztientzat balio zutela iruditzen zitzaigun, baina orain, argi geratu da hori ez dela horrela".

Zerbitzu ugari

Azpeitiko Emakumeen Txokoan hainbat eta hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte, askotariko herritarrei zuzendutakoak: arreta zerbitzua, jabetza eskolak, ekintza puntualak, hitzaldiak zein ikuskizunak eta aholkularitza juridikoa, besteak beste. Udalaren Parekidetasun Sailak kudeatzen duen zerbitzua da Azpeitikoa, eta beraz, Emakumeen Txokokoak udaleko beste zenbait arlotako kideekin aritzen dira lanean, baita herriko zenbait eragilerekin ere. Liburutegi bat ere badute, eta gune hori Azpeitiko Udal Liburutegiarekin elkarlanean sustatzen dute. Horrez gain, ikuspegi feministarekin lan egin nahi duten taldeentzat ere zabalik egoten da espazioa.

Zerbitzuen artean, badira martxan jarri zituztela urteak diren batzuk. Esaterako, alfabetizazio guneak zazpi urte inguru daramatza martxan, eta hasieratik talde ia berbera mantendu dela esan du teknikariak: "Emakume etorkinek gai desberdinak jorratzen dituzte saio horietan, gaztelera ikastea aitzakia gisa hartuta". Azpeititik, gainera, hainbat herritara zabaldu da gune hori, Azkoitira kasu, eta bi taldeak elkarlanean ere aritzen direla azpimarratu du De la Cruzek.

Haren esanetan, zerbitzu batzuk ez dituzte urtero aldatzen, baina gai desberdinak jorratzeko asmoz, askotariko materiala sortzen saiatzen dira. Zerbitzuak, gainera, ez dira espazio fisikora mugatzen, sare sozialetan ere aritzen baitira lantzen duten materiala zabaltzen: "Gai desberdinak landuz, herritarren artean eztabaidarako gaiak zabaltzen saiatzen gara".

Azpeitiko Emakumeen Txokoa bere lantokiaz haratago doan zerbait da azkoitiarrarentzat, eta proiektuak duen garrantzia azpimarratu du hark: "Emakumeak saretu ahal izateko gune seguru bat da Emakumeen Txokoa". Izan ere, teknikariaren arabera, gune horrek emakumeei bermatzen die bertan modu lasaian parte hartzea, baita izan ditzaketen ezinegonak konfiantzan kontatzea ere. Horrez gain, informazioa zein aholkularitza eskaintzeko zabalik egoten da gunea, eta ez emakumeentzat soilik.

Teknikari lanetan gustura aritzen bada ere, ogibideak "alde gogorrak" ere badituela azpimarratu du. "Hainbat gatazka tartean daudela egiten dugu lan, eta horrek laguntzen du errealitatearen inguruko beste ikuspegi bat izaten. Dena den, gertutasunez lan egiten saiatzen gara". Lanbideak ikasteko ere balio diola argi du azkoitiarrak: "Emakume bakoitza mundu bat garela ikasi dut".

Emakumeen Txokoaren jardunak gero eta emakume gehiago biltzen baditu ere, oraindik ez dute lortu hainbat kolektiborengana iristerik: "Aniztasun funtzionala duten emakumeengana, gazteengana zein adineko emakumeengana iristea asko kostatzen zaigu". Horren zergatia argi ez duen arren, azkoitiarrak jakin badaki gizartean oraindik ere badagoela feminismoaren eta berdintasunaren bueltako "mamu" bat. Dena den, hark azpimarratu duenez, Emakumeen Txokoko ateak zabalik daude hara joan nahi duten herritar denentzat. Gainera, De la Cruzek azaldu duenez, herritar batzuek nahiago izaten dute beren kontuez modu anonimoan hitz egin, eta halako kasuetarako, Whatsapp zenbaki bat badutela gogorarazi du, nahi duena beraiekin kontaktuan jar dadin.

Indarkeria kasuak

Emakumeenganako indarkeria matxista kasuak ugariak dira oraindik ere gizartean, eta horien inguruko lanketa ere egiten dute Emakumeen Txokoan. Azkoitiarraren hitzetan, hala ere, halako kasuak Emakumeen Txokora ez dira zuzenean iristen, Gizarte Zerbitzuek artatzen dituztelako. "Indarkeria kasua larria bada, eta Udaltzaingoak zein Ertzaintzak bertan esku hartu badute, Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen dira". Emakumeen Txokoan, ordea, gaiaren inguruko informazioa eskaintzen dute: "Indarkeria kasuak gertutik bizi dituzten herritarrak etorri izan zaizkigu gurera, hala nola biktimaren gurasoak zein lagunak. Horiek informazio zein aholkularitza eske etorri izan dira eta laguntza eske nora jo dezaketen galdezka". Emakumeen Txokoan indarkeria matxista prozesuen "sozializazio lana" egiten dute ikastaroen bidez. Bestalde, Jabetza Eskoletan, "konfiantzazko giroa" sortu izan denean, zenbait indarkeria kasu identifikatu ahal izan dituztela ere azpimarratu du azkoitiarrak, eta halako kasuetan emakume horiei gertutasuna adierazten dietela eta beraiekin lanean hasten direla azaldu du.

Gaur egun, feminismoa "diskurtso politikoki zuzena" bihurtu dela argi du azkoitiarrak, baina hortik haratago doala azpimarratzen du. "Aldaketak ematea asko kostatzen zaigu, eta aldaketa estrukturalak ematea, are gehiago".

Motzean

  • Adina: 29 urte.
  • Ikasketak: Gizarte Hezkuntza eta Berdintasun eta Sexologia masterrak.
  • Lanbidea: Emakumeen Txokoko teknikaria.
  • Teknikaria ez banintz… sexu eta bikoteen terapeuta izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunengana joatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide