Ekainaren 10ean hasi ziren Sustraiak Bizirik elkarteak, udalak lagunduta, antolatutako elikadura burujabetza bultzatzeko eta ingurumena babesteko baratze ikastaroak Azkoitian. Pasa den asteburuan, ekainaren 17an, egin zuten bigarren saioa; biak ala biak 10:00etatik 12:00etara egin ziren Altamirako Baratze Parkean.
Arduradunek azaldu dutenez, "lehenbiziko bi saio horietan elikadura burujabetza eta permakultura lantzen hasi ginen teorikoki, eta horrez gain, Patricia Herrera agronomoak Mexikoko gobernuak garatutako Baratza gure eskuetan egitasmoaren berri eman zigun".
Hala, aurrerantzeko doako saioak ekaineko, uztaileko eta iraileko larunbatetan egingo direla aurreratu du Sustraiak Bizirik elkarteak, "toki eta egun beretan", eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte.