Errusiar armada Ukrainan egiten ari den etengabeko sarraskiak urtebete otsailean bete zuen. Gerra berehala gelditzea izan beharko luke gure lehentasuna, "Errusiar armada Ukrainatik kanpora" oihukatuz eta exijituz, gerra mantendu eta areagotzen bada, gudaldi ondorengo paisaia deskribatzeko ez delako inor izango behar bada, zapatistek gogoratzen diguten moduan.
Ez dugu uste irteera negoziatu baten aldeko jarrerak gerraren amaiera ekarriko duenik, Putin bezalako inperialista kriminalak tartean direnean. Inozokeria galanta iruditzen zaigu helburu hori lortzerik dagoela ustea, Errusian gerraren aurkako herri mugimendu indartsu eta internazionalista lehertu eta mundu osora zabaltzen ez den bitartean. Vietnamgo gerraren amaiera gogoratzea besterik ez dago.
Antzeko zerbait gauzatzeko gai ez bagara, sarraskiak aurrera jarraituko du, erasotzailearen eta erasotuaren militarismo gordina indartuz hamarkadetarako.
Zentzu horretan, gogoratu behar dugu 2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, gerraren aurkako manifestazioak eta protestak piztu zirela Errusia osoan. Inbasioa salatzen zuten milaka argitalpen agertu ziren sare sozialetan eta inbasioaren aurkako ekintzak Errusia osoan zabaldu ziren. Errusiako agintariek errepresioa eta zentsura gogortuz erantzun zieten ekimen horiei. OVD-Inforen arabera, gutxienez 14.906 pertsona atxilotu zituzten otsailaren 24tik martxoaren 13ra bitartean.
Inbasioaren berri ematen zuten komunikabide independente gehienak blokeatuak izan ziren. Hedabide askok lan egiteari utzi zioten edo gai hori jorratzeari uko egin zioten. Errusiako Parlamentuak lege berri bat onartu zuen, Errusiako armadari eta haren operazioei buruzko "informazio faltsua" zabaltzeagatik hamabost urte arteko espetxe-zigorra ezartzen duena. Ondorioz, inbasioaren aurkako edozein adierazpen segurtasun nazionalaren aurkako delitu bihurtu da.
Bere historia ia osoan errusiarrak Estatu autokrata eta inperial baten menpean izan dira. Izu estalinistaren urteak oraindik presente daude gizartean eta Putinen gobernua arduratzen da horrek horrela izaten jarrai dezan, biztanlegoari egindako eraso berriekin: Lehen Hezkuntzako haurren doktrinamendu gupidagabea, prentsa askearen debekua, legediaren gogortzea, inbasioaren aurkako ekintzaileen atxiloketa, tortura eta espetxeratzea.
Inbasioa hasi zenean esan genuen: komunikabideetan agertzen diren geopolitikaren "adituek" eta antzeko sasijakintsuek diotena ez zaigu axola. Aldiz, gerra pairatzen ari diren gure kideek, bai Ukrainan eta baita Errusian ere –tinko erresistentzian lehenak eta errebeldian bigarrenak–, diotena bilatu, bildu eta zabaltzea da gure zeregina, elkartasun izpi bat ematea besterik ez bada ere. "Hitz bat, irudi bat, kantu bat, dantza bat, altxatzen den ukabila, besarkada bat, nahiz eta urruneko geografiatik izan, haien bihotzak poztuko dituen babesa direlako".
Elkartasun izpi hori eman nahian, hona Errusian gerraren aurka garatzen ari den mugimenduaren zertzelada batzuk: Errusian 18 urtetik gorako gizonezkoentzat derrigorrezko soldaduska ezarrita dago. Putinek iazko irailaren 21ean 300.000 lagunen mobilizazioa agindu zuen eta egun bakar batean zazpi hilabeteko propaganda kanpaina baliorik gabe utzi zuen, Ukrainako inbasioa gerra gordin bat bihurtuta zegoela onartzean. Egun horietan, 600.000 soldadugai inguruk ihes egin zuten Kazajistan, Mongolia eta Georgia bezalako herrialdeetatik barrena. Beste herritar asko errekrutamendua salatzera kaleratu ziren, sekulako errepresioari aurre eginez. Jakina denez, hainbat urtetako kartzela zigorrak ezartzen ari zaizkie kartel soil batekin kalera irteteko ausardia dutenei. Are gehiago, gerraren aurkako mobilizazioetan atxilotutako hainbat lagun zuzenean frontera eramanak izan dira. Protesta gogorrenak Mosku eta Petersburgotik kanpo gertatu dira, Dagestan, Yakutia eta Tuva bezalako zonalde txiro eta periferikoetan, horiek direlako soldadu askoren jatorria; armada delako, hain zuzen, lurralde horietako biztanle askorentzat bizirauteko ia aukera bakarra.
Manifestazioen errepresio basatiak beste ondorio bat, ekintza klandestinoen igoera, ekarri du berekin: dozenaka errekrutatze-guneren erreketa, tropen mugimenduak oztopatzeko trenbideen aurkako sabotaiak, Putinen aldeko fanatikoen ibilgailuen aurkako erasoak eta abar. Borrokarako Erakunde Anarko-komunistak, BOAK-ek, hartu ditu beregain hainbat ekintza. BOAKek, hitz hauekin, ukrainarrek armen bidez inperialismo errusiarrari aurre egitea babesten du: "Gurekiko elkartasunak Ukrainarekin elkartasuna esan nahi du, beraien garaipenarekin elkartasuna". Era berean, Errusian, sabotaien eta ekintza zuzenen bidez, "Putinen aldekoei eta txepelei" gerra oso gertu sentitu dezaketela erakusteko erregimenaren aurka jotzen dute.
Esparru antiautoritarioko gaur egungo talde handienak, bestalde, Ekintza Autonomo izena du, eta horien zereginak gerraren aurkako propaganda eta berriak zabaltzea, kaleetan mobilizatzea, presoei sostengua ematea eta antzerakoak dira.
Emakume feministen papera ere aipatzekoa da, haiek arduratu direlako gerraren aurkako oposizioa antolatzen, Gerraren Aurkako Erresistentzia Feminista sarearen bidez, batik bat. Inbasioa hasi zenean, "une honetan garrantzi handia du mundu osoak Ukraina babesteak eta Putinen erregimenari inongo laguntzarik ez emateak", idatzi zuten.
Errusiar armada Ukrainan gauzatzen ari den inbasioaren aurrean mugimendu antimilitaristak erakutsi duen irizpide faltak edo geldotasunak antimilitarismoak momentu honetan bizi duen egoera larria agerian utzi du. Ukrainaren txikizioa eta suntsipena hain da handia, non sinesgaitza egiten zaigun inbaditzailearen logika inperialaren zuriketan erortzea edo "bakearen aldeko" diskurtso hutsalekin bueltaka ibiltzea.
Zoritxarrez, bi jarrera horiexek nagusitu dira gure inguruetako antimilitarismoan eta, orokorrean, ezkerraren esparruan. Errusiar armada Ukrainatik kanporatu beharra, gure ustez beste edozeren gainetik beharko lukeena, aipatu ere ez dute egiten, eta aldiz, mendebaldeko estatuek ukrainar erresistentzia hornitzearen kritika bihurtu dute beraien jarreraren ardatz. Aipatutako eragileak, zuzenean errusiar inperialismoaren garaipena desiratzen dutenak bazter batean utzita, gauza batekin ahazten dira: erasotuei armak ukatzeak eta erasotzailea presionatzeko mundu mailako mugimendu zabala eta eraginkorra sortzeko ezer ez egiteak, Kremlinaren bota ukrainarren lepo gainean bermatzearekin konplizitatea suposatzen duela. Ukrainarren erresistentzia, errusiar armadaren okupazioa, gerra bera baino egoera okerragoa dela frogatzen ari da.
Ondotxo dakite zer espero dezaketen holako okupazio batetik, besteak beste, errusiar inperialistek Errusian bertan erregimen autokratiko, polizial eta giza eskubide guztien aurkakoa ezarrita dutelako, eta Ukrainako lurralde okupatuetan estatu terrorismo sistematikoa ezarri dutelako, 2014tik gaurdaino: zibilen hilketa masiboak, azpiegituren suntsiketa, desagerketak, bortxaketak, torturak...
Bakezaletasuna eta antibelizismoa ez dira, hortaz, balore absolutuak. II. Mundu Gerrako sarrraskiaren ondoren sortutako egungo nazioarteko zuzenbideak eraso baten aurrean erasotuaren defentsa zilegia suposatzen duen gerra, justifikatutako gerra bakartzat jotzen du. Ukrainakoa, gure ustez, kategoria horretan sartzen da zalantza izpirik gabe: munduko superpotentzia militar eta nuklear baten armada, nazioartean onartutako beste estatu baten lurraldean bere indar guztiekin sartzeari nola deituko diogu bestela?
Errealitate gordin horri gure betiko leloak errepikatuz ezin diogula aurre egin gauza nabaria izan da azkeneko urte honetan guretzat. NATOren aurka, mendebaldeko armagintzaren aurka edota intsumisioaren alde egindako mezuek erasotzailea, hau da, errusiar armada, gure kritikaren fokutik kanpo uzten dutelako. Inbasioa salatzea, Errusian bertan hori egiten ari direnekin elkartasuna kaleratzea eta ukrainarren erresistentzia babestea dira guretzat, orain eta hemen, antimilitariston zeregin nagusia.