Txema Añibarro da Anaitasunaren gizonen lehen taldeko entrenatzaile berria; zeberioztarrak hartuko du Xabi Artetxek utzitako lekua. Anaitasuna futbol taldeak atzo, osteguna, iragarri zuen Zeberioko (Bizkaia) entrenatzailearen fitxaketa; gorritxoek atzo bertan aurkeztu zuten entrenatzaile berria Txerloia futbol zelaian. Josu Juaristi Anaitasunaren zuzendaritza batzordeko kirol arduraduna eta Pedro Urdapilleta presidentea izan zituen hark alboan.
Athletic taldearen harrobiko zenbait talde zuzendu ditu zeberioztarrak azken zazpi urteetan. Futbol ibilbidea amaitu eta segituan hasi zen Añibarro entrenatzaile lanetan Athleticen. 2016an, zuri-gorrien kimuen talde bat entrenatu zuen, eta, era berean, gazte mailako Ohorezko Mailako taldearen bigarren entrenatzailea izan zen. 2017an, Athleticen 23 urtez azpiko taldea zuzendu zuen Premier League International Cup txapelketan, kadete mailako lehen taldearen bigarren entrenatzailea izateaz gain.
2018an, berriz, haurren mailako talde berri baten ardura hartu zuen zeberioztarrak; bi denboraldiz zuzendu zuen talde hura. 2021ean, Athleticen gazte mailako bigarren taldera egin zuen jauzia. Bilboko futbol taldearen zuzendaritza aldaketarekin, ordea, iaz utzi zuen taldearen harrobia.
Eibar taldearen historikoetako bat
Jokalari bezala, Anaitasunaren entrenatzaile berriak Bizkaiko Indartsu, Galdakao edota Arratia bezalako taldeetan egin zuen hasierako ibilbidea. Dena den, 2006an Bigarren B Mailara igo zen Sestao River taldearekin, Carlos Pouso entrenatzailearen aginduetara. 2008an fitxatu zuen Eibar taldearekin Añibarrok. Hain justu, Pouso entrenatzailearekin batera joan zen talde armaginera.
Eibarren bi mugarri garrantzitsu lortu zituen Añibarrok. 2013an, Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, eta hurrengo denboraldian, igoera historikoa Espainiako Lehen Mailara; gainera, talde hartako kapitaina zen orduan zeberioztarra. Anaitasunaren egungo entrenatzaileak 2015ean egin zuen debuta Espainiako futbolaren maila gorenean; Lehen Mailako debutari beteranoena bihurtu zen orduan Añibarro, 35 urte eta 174 egunekin. 2015eko maiatzean jokatu zuen bere futbol ibilbideko azken partida. 199 partida jokatuta utzi zuen zeberioztarrak Eibar taldea.