Azpeitiko Sanjuandegi auzoko Jose Antonio Agirre plazan herritar ugari elkartu ziren atzo arratsaldean, joan den asteburuko jaietan gertatutako eraso matxistak salatzeko eta erasotuei babesa adierazteko Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak deitutako elkarretaratzeari erantzunez.
Urola Erdiko Itaiak eta Xanjuandegiko Festa Batzordeak atzo adierazi zuten "mota desberdinetako indarkeria matxista kasu ugari" izan zirela joan den asteburuko jai giroaren barruan, gutxienez bi kasuri erantzuteko festetako protokoloa aktibatu zutela gaineratuta. Erasotutako emakume bat azkoitiarra zela jakinarazi zuen atzo udalak, eta erasoa "irmo" salatu zuen.
Ia ordu erdi iraun duen elkarretaratzearen bukaeran, bertaratzeko deiarekin plazaratutako oharra irakurri zuten deitzaileek, eta txalo artean hartu zuten irakurketa plazan elkartutakoek.