Azkoitia Gipuzkoako Herriarteko Txapelketatik kanpo gelditu da gomazko paletan. Oteiza pilota elkarteko gomazko palistek atzo, asteazkena, jokatu zuten txapelketaren final laurdenetako itzulerako partida, Donostiako Loiola auzoko pilotalekuan. Azkoitiarrek hiru eta huts galdu zuten.
Kantxa osoan buruz buru jokatutako lehian 20-13 galdu zuen Iker Epeldek; binakako partidan, 20-9 menderatu zituzten donostiarrek Markos Azpiroz eta Igor Larrañaga, eta zazpi koadroren barruko partidan 20-7 galdu zuen Oier Beitiak. Horrenbestez, azken urteetako Herriarteko Txapelketaren gomazko paletako txapeldunak agur esan dio txapelketari. Donostiak eta Astigarragak jokatuko dute finalerdia.