Azpeitiko Udalak oharra kaleratu zuen atzo, asteartea, joan den asteburuan Sanjuandegi auzoko jaietan "zenbait eraso sexista" izan direla baieztatuz eta horiek salatuz. Bada, gaur, Azkoitiko Udalak jakinarazi du eraso matxista jasan zuen emakumeetako bat azkoitiarra dela. Horren aurrean, Azkoitiko Udalak "bere gaitzespenik irmoena" adierazi du. Halaber, erakundeak jakinarazi du udal arduradunak emakumearekin harremanetan jarri direla "babesa helarazteko, eta udalaren laguntzak zein baliabideak eskaintzeko".
Gertakariak salatzeaz eta erasotuei elkartasuna eta babesa adierazteaz gainera, elkarretaratzera dei egin dute gaur, asteazkena, arratsalderako. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean, Azpeitiko Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta, 19:30ean hasita.
"Azkoitiko Udalak eta Azkoitiko herriak ez dute inolaz ere onartzen indarkeria matxistarik, ez hemen, ez ondoko herrian, ez inon", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak. "Emakumeen eskubideak urratzen dituen adierazpen oro irmoki salatzen dugu, eta ozen esaten jarraituko dugu horrelako gertakariek ez dutela tokirik gure gizartean".
Halaber, erakundeekin batera, gizarte osoaren "inplikazioa" eskatu du Zubillagak "emakumeen kontrako bidegabekeria guztiak errotik desagerrarazi" daitezen. Era berean, udalak arrisku egoeretan laguntza eskatzeko bideak jakinarazi ditu:
- SOS Deiak: 112
- Azkoitiko Ertzaintza: 943-08 37 80
- Azkoitiko Udaltzaingoa: 943-85 71 71
- Telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzu espezializatua: 900-84 01 11
- Aurrez aurreko arreta. Biktimari laguntzeko zerbitzua: 900-10 09 28
- Aurrez aurreko arreta. Azkoitiko Gizarte Zerbitzuak: 943-85 71 74
- Azkoitiko osasun etxea: 943-00 76 10
- Etengabeko arreta gunea (EAG), Azpeitia: 943-02 54 00