Datorren asteartean, hilak 30, Maskulinitateak, erantzunkidetasuna eta zaintza-lanak hitzaldia jarraitzeko aukera izango dute herritarreko Elkarguneko Oteiza aretoan. Udaleko Berdintasun arloak eta Emakundek antolatuta, Gizonduz proiektuaren idazkaritza teknikoko arduraduna den Karlos Garcia Zuazok emango du hitzaldia, 18:30ean.
Gizonduz gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta horien parte hartzea nahiz inplikazioa bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, eta Emakundek sustatzen du. "Sentikortzearen, prestakuntzaren eta etxeko lanetan erantzunkidetasuna lortzearen eremuan neurri multzoa osatzen duen ekimena da Gizonduz", azaldu du udalak ohar bidez. Gizonek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez parte hartze nahiz inplikazio handiagoa izatea eta aipatutako helburua lortzeko efektu biderkatzailea izango duen nahikoa masa kritikoa sortzea dira egitasmoaren helburuak.
"Azken urteetan hainbat prozesu garatu dira berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako gizon taldeak eratzeko. Prestakuntza, hausnarketa, eta truke-eremu horietan, gizon horiek beraien eragin eremuan berdintasuna sustatzea lortu nahi da, eta, bereziki, beste gizon batzuek kausa horrekin duten konpromiso pertsonala eta kolektiboa sustatzea". Udalak azaldu duenez, herrian gizon talde bat eratzeko saiakera egin nahi dute, eta astearteko hitzaldia izango da horretarako "lehen urratsa".