Hirugarren aldiz aurkeztu duzu zure burua alkategai izateko. Zergatik eman duzu pauso hori?
Behar beharrezkoa nahiz funtsezkoa da herrian sortu eta erabakiak bertan hartzen dituen talde bat Azkoitian izatea. Bestela, garbi ikusten da proiektu potoloak iristen direnean erabakiak ez direla herrian hartzen, baizik eta kanpoan. Duela lau urte gure emaitzak ez ziren onak izan, baina hausnarketa egin dugu, eta derrigorrezkoa ikusten dugu gurea bezalako talde bat herrian egotea. Herrian hartzen ditugu erabakiak, herriari begiratzen diogu soilik; beste taldeek ezin dute hori esan. Hauteskundeetara nola aurkezten garen ikusita, egun hauetan saltsa pixka bat sortu da. Azken hamasei urteetan bezala aurkezten ez bagara, azken hamabost egunetan egunetan 500 sinadura bildu beharko genituzke. Izugarrizko lana da hori, are gehiago garai honetan. Herrian erabakiak hartzen dituen herriko talde bat egoteagatik aurkeztu gara hauteskundeetara.
Udal Gobernuan sartzen bazarete, zein izango dira Azkoitia Bai Elkarrekinen lehentasunak?
Lehentasunak garbi ditugu, egoitzako arazoak eta Oletako zentral eolikoa dira gai potoloenak. Egoitzari dagokionez, aspalditik ari gara eskatzen udalak kontrola izan behar duela. Guztiek esaten dute kudeaketak ezin duela horrela jarraitu, txarra dela. Inork ez du kontrolatzen. Kexak bidaltzeko esaten diete, baina bertakoak aspertuta daude kexak bidaltzeaz. Gure lehentasuna izango da, ahal den moduan, egoitzaren kontrola hartzea eta geuk ikustea gauzak ondo egiten direla. Era berean, ezinbestekoa ikusten dugu bertakoei laguntza eskaintzea.
Bestalde, Oletako proiektuari buruz esan behar da oso atzeratuta gaudela herri bezala. Beste herri batzuetan ari dira komunitate energetikoak sortzen, kooperatibak egiten, herriko eraikinak herritarrei uzten ari dira teilatuetan eguzki plakak jartzeko… Lan horiek guztiek eginda egon behar zuten aspaldi Azkoitian. Pertsona bat hartu du orain udalak kontu hori zuzentzeko. Dena den, badirudi Oletako proiektua dela egin nahi duten aurrena; horren aurretik ez dute beste ezer aurreikusten. Oso berandu gabiltza.
Zein dira herriak, Azkoitiak, egun dituen arazo nagusienak?
Aurrez aipatutako bi gai horiek dira kezka gehien sortzen dutenak. Herri mailako kontuei erreparatuta, jende ugari hurbiltzen zaigu. Oinezkoentzako guneak bultzatu behar ditugu, behar-beharrezkoa da; autoekin ezin dugu jarraitu herri barruan orain bezala. Oinezkoentzako herri bat egin behar dugu, eta horretarako lehentasunak markatu behar ditugu. Aurrena oinezkoak, gero bizikletak, eta ondoren, Urbanue; autoek ibili behar badute, ibiliko dira, baina epe edo ordutegi mugatu batean. Horrez gain, igerilekuko instalazioak, skate parkea, urte luzeetako atletismo pistaren eskaria… Kontu horien proiektuak egiten hasi beharra dago. Plazaberri eraberritzeko proiektua ere aspaldian atzera geldituta dago. Era batera edo bestera hasi beharra dago. Ikusi beharko da zer kostu duen eta nola egin daitekeen, baina Plazaberri izorratuta ari zaigu gelditzen, eta gainera, arriskutsua zenbait jenderentzat.
Azken agintaldian, zalaparta sortu dute Azkarateko hondakin guneak, San Jose egoitzaren kudeaketak eta Oletako Buruzai proiektuak. Nola kudeatuko dituzue gai horiek?
Udal hauteskunde hauek prestatzen hasi aurretik, Azkarateko hondakin guneaz hitz egin genuen gremioekin. Albiste ona jaso genuen; izan ere, guk eskatzen genuena zen Lapatx zabortegian jasotzea hondakin handien errefusak, eta hori dagoeneko bideratuta dago. Inongo arazorik gabe Lapatxera eramaten ari dira obra handietako hondakinak.
Energiaren arazoaren inguruan, berriz, guk garbi dugu lanketa ezin dela hasi Oletako proiektutik. Gauza asko dago egiteko, eta badakigu Oletakoaren aurretik lan asko egin behar dela. Ez gaude eolikoen aurka, ezta Oletan ere Ez! taldea ere. Geuk erabaki beharko dugu nola eta non egin. Orain behar du, eta non nahiz nola egin herriak erabaki behar du. Kanpotik etortzen den enpresa batek zentral eoliko bat egiteko mendiak apurtu nahi dizkigulako, baietz esan behar al dugu? Ezin al dugu beste lehentasunik ezarri? Ezin al dugu guk erabaki? Gu horren aurka gaude, eta horrela jokatuko dugu. Aizpurutxora bidean zentral hidroelektrikoak ditugu; badakigu batzuk geldirik eta besteak martxan daudela. Duela urte eta erdi esan genion Udal Gobernuari hori aztertzeko. Aurrekontuak adosteko garaia zen, eta baiezkoa eman ziguten. Urte eta erdi igaro da, eta ez digute erantzunik eman. Goienerrek martxan jarri ditu geldirik zeuden hidroelektriko batzuk; horiekin harremanetan jartzea erraza da. Eraikin publikoetan derrigorrez eta orain hasi beharko genuke eguzki plakak jartzen; ez dakit zergatik gauden horrenbeste denboran zain. Beste herri batzuk ari dira egiten inguruan. Proiektu horiek ikusten izan gara, eta herri mailako proiektu politak dira. Guk geure energia sortu behar badugu, horrelako instalazioak beharrezkoak dira.
Zeintzuk dira Azkoitia Bai Elkarrekinek Azkoitirako dituen proiektu nagusiak?
Jendeak eskatzen dituen proiektuak dira gure asmo nagusiak. Gainera, politika aldatzen joan behar genuke. Guk aginduko bagenu, gure nahia litzateke herriko taldeak indartzea eta horiengandik datozen eskariak ahalik eta zuzenen egitea. Eskaera horiek ezin badira bete, arrazoi garbiak eman behar zaizkie. Hori da gure parte hartzea. Beste batzuen parte hartzea hauteskunde egunean hasi eta amaitzen da; ez dakit zenbat aldiz esan diguten hori azken lau urte hauetan. Botoa eman dietelako, agintzeko eskubidea dutela diote, eta jendeak haie botoa ematen dietelako, haiek aginduko dutela. Hori ez da gure parte hartzea, gurea lau urtekoa da. Ahalik eta talde gehienekin elkartzen gara, arazoak dituztenekin eta eskaera egiten dutenekin. Hori da gure politika.
Igogailuak, atletismo pista, herria oinezkoentzako egitea, skate parkea… Oletako zentral eolikoa eta egoitzaren kudeaketan ere lanean ari gara. Gai horiek lantzeko herrian dauden taldeak biltzen direnean, gu ere haiekin biltzen gara; gu gara bakarrak eta gure eskariak hortik datoz. Egoitzan apartamendu tutelatuak daude, baina ez dira betetzen hor goian daudelako. Adibidez, 80 urteko pertsona bat hirugarren solairuan bizi bada, eta ezin badu kalera jaitsi, egoitzako apartamendu tutelatuetara joanda bizimodua aldatzen zaio. Kalean egoteak psikologikoki beste bizipoz bat ematen dio pertsona bati. Egoitzara eramanda, ordea, baztertuta sentitzen dira herritar horiek. Apartamentu tutelatuak ez betetzearen arrazoia da egoitza hor goian egotea. Kalera jaitsi behar ditugu ahalik eta azkarren. Behin hori eginda, zer egin egoitza horrekin? Bertakoek ikusten dute, eta ez zaigu ideia txarra iruditzen Matia bezalako psikogeriatria zentro bat bailara osoarentzat egitea; aldundiarekin-eta hitz egin beharko litzateke. Dependentzia maila baxua dutenak kalean askoz ere hobeto daude; askoz ere bizipoz handiagoa dute. Hor sakondu behar dugu.
Azkoitia Bai Elkarrekinen zerrenda aurkeztu zenutenean adierazi zenuten herritik eta herriarentzat egingo duzuela. Zer nolako taldea osatu duzue?
Talde zabala osatu dugu. Azkoitian lan egin dugunok jendeak osatzen dugu taldea, herriko taldeetan lan egindakoak. Betiko hiruzpalau lagunek jarraitzen dugu, baina berri asko dago, gazteak ere batu dira eta. Herri mailan lan egingo duen taldea da gurea. Herritarrekin nahiz herriko taldeekin bildu eta haien eskariak entzungo dituena; hori da gure politika egiteko modua. Herriko taldeek aspaldian nahikoa arazo dituzte presidente postuetarako jendea aurkitzen. Udalak laguntza eman beharko lieke egoera horretan dauden taldeei. Talde baten presidente postua uzten badu norbaitek, ezin du talde horrek kargua hutsik dagoelako desegin. Lan hori egiteko nahiz sustatzeko, beharbada, norbait kontratatu beharko da, talde horietatik baitator guretzat benetako politika. Lan handia eta ona egiteko bide ematen dute herriko taldeek.
Zer balorazio egiten duzu azken agintaldiaz?
Udaletxean zinegotzi gaudenok ez dugu udaletxean lanpostu bat. Badirudi udaletxean egoteagatik soldata bat jasotzen dugula. Udal Gobernuan liberatuta ez gaudenok ez dugu soldatarik; batzordeetara joateagatik soilik kobratzen dugu. Duela hilabete bat jaso nuen 10-T deritzon dokumentua, eta han garbi agertzen zen nire urte osoko irabazia 2.550 euro izan dela udaletxean. Derrigortasun bat ikusten dudalako, egunero joaten naiz lanera udaletxera, beste asko bezala. Udaletxean sartu banaiz, lana ondo egiteko da. Garai batean nire lana eta udala uztartzen nituen, baina hori ez zait modurik onena iruditzen udaletxeko lana egiteko.
Azken agintaldian berdin egin dugu lan. Azken lau urteetan, aurreko lauetan baino hobeto zabaldu dizkiogu udaletxearen arazoak herritarrari. Sare sozialetan-eta elkarbanatu ditugu udalak argitzen ez dituen gauza asko. Saiatzen gara herrian zabaltzen, bestela gauza onak bakarrik zabaltzen dira eta. Udalarena komunikazioa baino gehiago propaganda dela esango nuke. Arazo handiak ditugu udaletxean, aspalditik datozenak, Azkoitia Lantzenena kasu. Gauza potoloak egin ziren orduan, eta oraindik horiek ordaintzen ari gara. Duela gutxi, milioi eta erdi ordaindu ditu udalak Txalonerrekako bidea egiteko. Hori egitea ez du eskatu herriak; hori egingo dute garai batean sinatutako hitzarmen baten barruan udala hori egitera behartuta dagoelako. Gauza bera gertatzen da San Martin auzoko igogailuarekin. Gurutzeagan etxebizitzak egitera doaz, eta lur horiengatik udalak jasoko duen diru guztia erabili beharko da auzo horren irisgarritasunerako, nahi edo ez nahi. Horrela sinatuta dago 2008. urtearen bueltan. Azkoitia Lantzenen 750.000 euro jarri zituen udalak abenduan, haren egoera ona ez zela eta. Urolako Industrialdeari datozen lau urteetan 330.000 euro inguru eman beharko zaizkio…
Badirudi guztia ondo doala, baina arazo horiek ez dira zabaltzen herrira. Guk bakarrik zabaltzen ditugu. Agintean egongo bagina, gauza horiek guztiak kaleratuko genituzke. Herriari gauza onak eta txarrak, guztiak azaldu behar zaizkio, gero herriak berak erabaki dezan nola jokatu. Gauzak, guztiak, mahai gainean jarri behar dira.
Zergatik bozkatu behar du herritarrak Azkoitia Bai Elkarrekinen zerrenda?
Erabakiak herrian hartzen dituen bakarrak gara. Nahastea nahi badute ere, hori horrela izan da beti, eta hala izango da. Guk behar-beharrezkoa ikusten dugu gu bezalako talde bat herrian egotea. Guk aginduko bagenu, gauza asko aldatuko eta kenduko genituzke. Orain aldean asko zabalduko ginateke herrira. Adibidez, guztiok egiten dugu berdintasunaren alde, baina herriko talde feministarekin ez du inork harreman sendorik sortzerik lortu orain arte. Udal Gobernura sartzen baldin bagara, ea gu garen lehenak feminista taldearekin harremana sendotzeko. Adibide bat besterik ez da.
Guk ez dugu eragozpenik herriko taldeekin hitz egiteko. Azken sei hilabeteetan egoitzaren bueltan hartu diren erabakiak aldundiarekin hitz egindakoak dira. 'Herrilab+700' parte hartze prozesua amaitzear dago. Prozesu horren barruan bete-betean gaudenean, udalak eta aldundiak beste inorekin kontsultatu gabe hartu dituzte erabakiak. Guk ez genuke hori egiteko gaitasunik izango; are gehiago, hori eginez gero herrian bizitzea ere kostatu egingo litzaidake. Egoitzako erabakiak guk hartu behar ditugu, edo gutxienez, jendea informatu behar dugu zertan ari garen. Beste 50 urteetarako erabakiak hartu dituzte egoitzan, eta ez dute beste inorekin kontatu horretarako, ez beste alderdi politikoekin, ez egoiliarrekin, ez senideekin. Inorekin kontatu gabe hartzen dituzte erabakiak. Hori guztia aldatzeko nahia eta gogoa ditugu. Goiko agindurik ez dugunez, nahikoa izan beharko luke horrek beste politika bat egiteko.
Nola ikusten dituzu datozen udal hauteskundeak?
Taldean ilusio handia dugu. Garbi dago inkestak Gizakerrek egiten dituela, eta hemengo alderdi politiko batek emaitza horiek goitik behera dakizkiela. Guri buruz hitz egiten ere hasi dira, eta gugatik hitz egiten ari badira ez da seinale txarra. Jendeak esan digunaren arabera, uste dut emaitza onak lortu beharko genituzkeela. Gero, jendeak botoa eman behar du, eta ez dakit herritarrek betiko botoa emango duten edo ez.
Emaitza onak lortzea baino, erabakigarriak izatea nahi dugu. Horretarako, EAJk eta PSE-EEk ezin dute gehiengo osoa lortu, bestela berdin segituko du Udal Gobernuak. Guk ez dugu hori nahi, eta gainera, hori aldatzeko gaude. Erabakigarriak izango bagina, gauza asko aldatzeko modua egongo litzateke. Dena den, taldean hitz egin dugu, eta guk ez dugu gure botoa salduko, beste batzuk egiten duten bezala. Erabakigarriak izango bagina, guztion artean hartu beharko genituzke erabakiak, alde batekoek zein bestekoek hartu beharko gintuzten aintzat. Garrantzitsua da erabakiak guztion artean hartzea, eta ez alderdi batek beste guztien aurkako erabakia hartzea; horrek ez du inolako zentzurik. Duela lau urte negarrez amaitu genuen hauteskunde eguna, eta ea oraingoan festa polit bat egiteko moduan garen.