Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa martxan da, eta herriko ordezkariek gaur eta bihar artean jokatuko dituzte final zortzirenetako kanporaketaren itzulerako partidak. Eskuzko taldeak gaur, ostirala, 22:00etan jokatuko du Adunaren aurka Gurea pilotalekuan, eta gomazko taldeak bihar, larunbata, Debaren aurka, 10:00etan, frontoi berean.
Eskuzko pilotariek nahiz gomazko palistek ondo bideratuta dituzte kanporaketak; izan ere, garaile atera ziren joan den astean jokatutako joaneko partidetan. Eskuzko taldeak 0 eta 3 irabazi zuen Adunan. Kadetetan, Jon Arregi eta Denis Galarza 3-22 nagusitu ziren; jubeniletan, Jon Etxanizek eta Inhar Egañak 12-22 irabazi zuten; eta azkenik, Mikel Aranbarrik eta Jon Juaristik 17-22 amaitu zuten nagusien partida.
Gomazko paletako taldeak, berriz, 1 eta 2 irabazi zuen Deban. Kantxa osoan buruz buru, 10-20 irabazi zuen Oier Beitiak; binakakoan, berriz, Aitor Juaristi eta Oier Epelde aritu ziren, eta 20-10 galdu zuten horiek; Iker Epelde, berriz, zazpi koadroren barruan aritu zen, eta hark 7-20 irabazi zuen partida.
Oteiza elkarteak gaur gaueko eskuzko partidetan bi otarre zozkatuko ditu; izan ere, Berria Txapelketako partidak jokatu zituztenean zozkatutako saria ez zuten banatu. Hori horrela, bi otarreen zozketak egin arte zozketarako zenbakiak ez botatzeko eskatu diete pilota elkartekoek ikusleei.