Gaur, maiatzak 15, nekazarien zaindari den San Isidro eguna ari dira ospatzen Azkoitiko Madariaga auzoan. Baserritarrak zerura begira nola, auzoan elkartu diren herritarrak ere hala egon dira San Isidro eguneko ospakizunak hasterako, baina eguraldiak ateri eutsi dio azkenean, eta auzotarrek zein herritik hara joan diren dozenaka lagunek normaltasun osoz egin dituzte egitarauko ekintza guztiak.
Ohiko moduan, San Isidro eguna hasteko prozesioa eta meza egin dituzte Madariagako elizan, eta aurtengoan, Fernando Prado Donostiako gotzainak eskaini du elizkizuna. Bertan parte hartu dute, gainera, Jose Luis Franzesena organista eta Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako abesbatzak. Elizkizunari amaiera emateko, berriz, Agin Laburu eta Unai Agirre bertsolariek bina bertso eskaini dituzte.
Hura amaitutakoan, hamaiketakoa zain izan dute Madariagan elkartutakoek, eta jan-edan artean borobildu dute horiek eguerdia.