Bi urtez jarraian Espainiako saskibaloi txapelketen bigarren koska gogorrean eta askoz baliabide aberatsagoak dituzten taldeekin lehiatu ondoren, agur esango dio Iraurgi Saskibaloiak Urrezko LEB Ligari. "Ez da posible izan. Kolpea. Baina burua tente eta aurrera. Bero-beroan hau esatea gogorra egiten bada ere, oso urte ona izan da. Segi dezagun elkarrekin saskibaloiaz gozatzen". Mezu hori zabaldu zuen klubak atzo gauean sare sozialetan, gizonen talde nagusiak maila galdu zuela jakin berritan.
Juaristi ISBk herenegun jokatu eta galdu zuen ligako azken aurreko jardunaldiko neurketa Lleidan (91-78), eta atzo Oviedok Castelloren aurka zer egiten zuen zain gelditu zen Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldea. Izan ere, Oviedok galtzea behar zuten Iraurgikoek azken jardunaldira mailari eusteko aukerarekin iristeko. Oviedok, ordea, 83-66 irabazi zuen; ondorioz, asturiarrek mailari eustea lortu dute, eta horretarako aukerarik gabe utzi dute Juaristi ISB.
Zilarrezko LEB Ligara itzuliko da, beraz, Iraurgi 2023-2024 denboraldian. Baina beste partida bat gelditzen zaio Urrezko LEB Ligan, eta etxean jokatuko du datorren ostiralean, maiatzaren 19an, Estudiantesen kontra (21:00).