Igandean, hilak 21, Urretxu-Zumarragako (Gipuzkoa) Ostadar mendi taldeak antolatzen duen Iñaki Beitia Mendi Martxa igaroko da Azkoitiko lurretatik. Aurten, probaren 25. edizioa egingo dute, eta hiru eskualdetatik igaroko da: Goierri, Debagoiena eta Urola Erdia. Azkoitiko lurrak ere zapalduko ditu martxak; hain justu, Elosu, Aizpurutxo, Oleta eta Pagotxeta.
Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da martxa, 07:00-07:30era inguruan, eta 31,5 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibela izango du. Pagotxetan eta Aizpurutxon, gainera, anoa guneak ezarriko dituzte. Internet bidezko izen-ematea zabalik dute, baina aurrez aurre ere eman ahal izango da izena, Zumarragako zenbait gunetan. Zortzi euro ordaindu beharko da inskripzioa aurrez, eta hamar euro, egunean bertan. Iñaki Beitia Mendi Martxaren atarian irakur daiteke probaren inguruko informazio guztia.
Etorkizuna, bermatuta
Iñaki Beitia Mendi Martxaren antolatzaileek iazko abenduan martxaren etorkizuna kolokan zegoela jakinarazi zuten, antolakuntzarako erreleborik ez zegoela eta. Bada, antolatzaileen arabera, "gazte talde bat eguna aurrera eramateko eta antolakuntza lanak bere gain hartzeko prest" agertu da. Hori horrela, eta gauzak ez badira okertzen, mendi martxak etorkizuna duela azpimarratu dute Ostadar elkarteko kideek.