Gaur, ostirala, itxiko du udalak aurtengo udaleku irekietarako izen-emate epea. Beste urte batez, Gazteria Sailak Udazblai izenpean aurkeztu ditu Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuak. Ekainaren 26tik 30era bitartean egingo dituzte Artxabenturako ekintzak, eta uztailaren 3tik 28ra, bi txandetan banatuta, Praka Motxakin udalekuetako ekintzak.
Udaleko Gazteria Sailak nabarmendu du epez kanpoko inskripziorik ez dutela onartuko; beraz, gaurtik aurrera ez da izena ematerik egongo. Era berean, jakinarazi dute ez dutela dirurik itzuliko parte hartzearen baja izen-ematea itxi ondoren egiten bada. "Ordurako erosketa eta kontratazioak eginda izango dira", azaldu dute.
Praka Motxakin udalekuetan HH3 mailatik LH6 mailara arteko ikasleek parte hartu ahalko dute. Bi txandetan banatuta egingo dituzte udalekuak: lehen txanda, uztailaren 3tik 14ra bitartean egingo dute, eta bigarrena, uztailaren 17tik 28ra. Aldiz, Artxabentura udalekuetan DBH 1etik DBH4ra arteko ikasleek eman ahalko dute izena.
Praka Motxakin eta Artxabentura udalekuez gain, Gazteria Sailak Kodeka teknologia udalekua eta Briko udalekuak antolatu ditu. Teknologia udalekuetan landuko dituzten gaien artean daude negutegi autonomikoa, robotika, adimen artifiziala, errealitate areagotua eta droneak. Bestalde, briko udalekuetan egurra eta zumea landuko dituzte hiru proiektutan banatuta.
Hona hemen udaleku guztien informazioa:
- Udazblai udalekuak (Praka Motxakin eta Artxabentura)
- Kodeka teknologia udalekuak
- Briko udalekuak