Carlos Mena kontratenor gasteiztarra eta Manuel Minguillon bihuela jotzaile madrildarra izango dira 31. Udaberriko Musikaldiko bigarren asteko protagonistak. Bikoteak Juan Antxieta omentzeko errezitaldia eskainiko du etzi, larunbata, Santa Kutz komentuan (18:30).
Antxieta Errenazimenduko musika konpositorea izan zen, eta polifonia erlijiosoaren nahiz profanoaren ikurretako bat, XV. mende amaieratik XVI. mendearen hasierara bitartean. Larunbatean, Antxietaren hainbat obra interpretatuko ditu bikoteak. Halaber, errepertorioaren barruan Alonso de Mudarraren, Juan del Enzinaren, Philippe Verdeloten edota Luis de Narvaezen doinuak eskainiko dituzte.
Ohi bezala, larunbatean ere udalak doako autobus zerbitzua jarriko du herrigunea eta komentua lotzeko. Autobusa larunbatero 18:00etan aterako da Julio Urkixo etorbidearen 7 zenbakian dagoen geralekutik –Eroski txikiaren ondotik–. Bidaia autobusean egin ahal izateko, ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.
Hona hemen musikaldiaren programa osorik.