Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Eliseo Zelaietako Orkestraren kontzertura joateko doako autobus zerbitzua antolatu du udalak. Ekainaren 1ean, ostegunez, izango da emanaldia Kursaal Jauregian, 19:30ean.
Autobusa 18:00etan abiatuko da Azkoititik; Julio Urkixo 7 kaleko geralekutik, hain zuzen ere. Izena emateko, berriz, honako urrats hauek jarraitu behar dira: lehenengo, kontzerturako sarrera erosi behar da www.kursaal.eus atarian,eta behin hori eginda erreserba daiteke autobuserako lekua, Azkoitiko Udaleko Kultura Sailera deituta (943-85 71 70) ed0 kultu@azkoitia.eus helbidera idatzita. Autobuserako izen-emate epea hilaren 26an amaituko da. Adinaren edota lan egoeraren arabera, kontzerturako sarrerak prezio desberdina du, eta autobusez joaten diren ikusleek emanaldiaren egunean bertan egingo dute horren ordainketa, adina edota lan egoera egiaztatu ondoren.
Philippe Herreweghen zuzendari belgikarraren gidaritzapean eskainiko du Eliseo Zelaietako Orkestrak kontzertua. Musikariek errepertorio klasikoko bi obra gailen aurkeztuko dituzte: Mozarten azken sinfonia eta erromantizismo musikalaren hasieratzat jotzen den Beethovenen hirugarren sinfonia apurtzailea.