Santa Kutz auzoko festak ospatuko dituzte ostiralean eta zapatuan, Laja jatetxean. Ostiralean, mus txapelketarekin hasiko dituzte ospakizunak auzoan. Egunik mardulena, baina, larunbata izango da; eguerditik gauerdira arteko egitaraua antolatu dute ordurako.
Ostiraleko mus txapelketa 22:00etan hasiko da Laja jatetxean, eta txapelketan parte hartu ahal izateko izen-ematea 30 euro ordaindu beharko da. Txapeldunek 600 euro eta txapelak jasoko dituzte; bikote txapeldunordeak 300 euro irabaziko ditu, eta hirugarren sailkatuek, arkumea eta bi ardo botila jasoko dituzte.
Larunbatean egingo dute Santa Kutz jaietako egun nagusia. 14:00 inguruan, bazkaria hasiko dute Lajan, eta 20:00etara bitartean, Victorio & Georgio, Søuti eta Murxi DJak arituko dira jatetxea girotzen. Iluntzean ere izango du jarraipena festak. 20:30ean, afaria egingo dute, eta afalostean, 23:00 aldera, erromeria hasiko dute Laja II.a trikitilariarekin eta Lutxurdio pandero jotzailearekin. Zapatuko bazkarian edo afarian parte hartu nahi dutenek 943-85 14 12 telefono zenbakira deitu beharko dute.