Gaur, asteartea, egin du udalak hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa, eta udalak bihartik aurrera jarriko ditu ikusgai mahaikide izatea egokitu zaien herritarren zerrenda. Maiatzaren 28an egingo diren udal eta foru hauteskundeetan mahaian egotea nori egokitu zaion jakiteko, herritarrek udalaren webgunean egin ahal izango dute kontsulta.
Udalaren webgunean sartu, dagokion atalean klikatu, eta NA zenbakia sartu beharko dute erabiltzaileek. Sistemak erantzungo die horiei mahaian egotea egokitu zaien ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, hauteskunde mahaiaren inguruko informazioa emango dio webguneak erabiltzaileari.
Hauteskunde mahaiak osatzea udaletxeen eskumena da, zonaldeko hauteskunde-batzordearen gainbegiradapean. Zozketa egin ondoren, erakundea gaur bertan hasi da jada aukeratuak izan direnen etxeetara jakinarazpenak bidaltzen.
Hautesleku aldaketa bat
Azkoitian lau hauteskunde mahai jarriko dituzte datorren maiatzaren 28an: Xabier Munibe Ikastolan, Elkargunean, Portaleburu erakusketa aretoan eta Gaztanenea formazio zentroan. Hain justu, hautesleku bat lekualdatu dute aurten. Orain arte, Aizkibel liburutegian bozkatzen zutenek, Gaztanenean bozkatu beharko dute.