Urrezko LEB ligaren denboraldia bukatzeko lau jardunaldiren faltan, sailkapeneko behealdean dago Juaristi ISB, jaitsierako postuetan. Atzetik ditu Albacete eta Melilla, partida bat eta biren aldearekin, hurrenez hurren. Sailkapenean aurretik, berriz, Almansa eta Ourense bi partidaren abantailarekin eta Caceres eta Oviedo partida banaren abantailarekin. Kontuak horrela, sasoia bukatu artekoak mailari eusteko partida garrantzitsuak izango dira Iraurgiko gizonen talde nagusiarentzat; denak final bat gehiago.
Juaristi ISBk aurretik dituen lau partidetatik hiru etxean jokatuko ditu, eta horietan zaleen babesa eta animoak "ezinbestekoak" izango dituztela adierazi du klubak, eta Azpeitiko kiroldegiko harmailak betetzera deitu ditu zaleak. Bihar, igandea, 18:00etan Burgosen kontra jokatuko du Juaristi ISBk Azpeitiko kiroldegian. "Burgosetik beren taldea animatzera jendea etortzekoa da, eta lekua hartzera garaiz joateko eskatu nahi diegu Iraurgiko zaleei", azaldu du Iraurgi saskibaloi klubak. Horrez gain, bazkide txartel batekin, bazkidea eta beste lagun bat sartzeko aukera izango dela azaldu du.
Sasoiko azken lau jardunaldiak:
- Bihar, apirilak 30: Juaristi ISB-Burgos.
- Maiatzak 5: Juaristi ISB-Ourense.
- Maiatzak 12: Lleida-Juaristi ISB
- Maiatzak 19: Juaristi ISB- Estudiantes.