Azken egunetan errepideak asfaltatzeko lanak egiten ari da udala, eta hark azaldu duenez, gaur, ostiralez, amaituko dituzte zeregin horiek Julio Urkixo etorbideko errepidean. Hurrengo asteartean, maiatzaren 2an, berriz, Trenbidearen Zumardia 1 eta 13 zenbakien arteko tartean hasiko dira horretan; hau da, Aizkibel liburutegiaren paretik Trenbidearen Zumardian dagoen Geltoki tabernaren atarirako errepide zatia asfaltatuko dute. Udalak azaldu duenez, bi egunen buruan amaituko dituzte eremu horretako lanak, eta ondoren, pintaketak egingo dituzte Julio Urkixon eta Trenbidearen Zumardian. Horrez gain, Madariagako eta Otzolarreko baserri bideak ere asfaltatuko dituzte. Asfaltos Urretxu S.L. enpresa ari da lan horiek egiten, eta 229.531,14 euroko aurrekontua dute.