Ekintzaz beteta datoz Floreagako festak

Ane Olaizola 2023ko api. 26a, 18:58

Gurutzetxoko krosa, iaz. (Ane Olaizola)

Ostiral arratsaldean hasiko dira lau egun iraungo duten festak, eta beste urte batez, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzekin ospatuko dituzte auzoko jaiak. Antolatzaileek prest dute egitaraua.

Datorren asteburuan, Floreagako festak ospatuko dituzte hango auzotarrek, eta festa batzordeak kaleratu du egitaraua. Lau egunetan izango da zertaz gozaturik auzoan, antolatzaileek haur, gazte zein helduentzat hamaika ekintza prestatu baitituzte beste urtez batez.

Ostiralean, 19:00etan hasiko dituzte festak, txupinazoarekin, eta gauean, mus txapelketa egingo dute auzoan dagoen tabernan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak txapel bana eta 300 euro jasoko dituzte; txapeldunordeek trofeoak eta 150 euro eskuratuko dituzte, eta hirugarren eta laugarren sailkatzen direnek bina xanpain botila eta 100 euro eta 50 euro, hurrenez hurren.

Hurrengo egunean, auzoko bereizgarri den bolo txapelketak jokatuko dituzte, umeentzat zein helduentzat. Arratsaldean, berriz, eskoba txapelketa egingo dute tabernan. Bikote bakoitzak 20 euroan izango du izen-ematea, eta irabazleek trofeoa eta bildutako diruaren %40a jasoko du; bigarrenak, trofeoa eta bildutakoaren %30a; hirugarrenak, bi xanpain botila eta bildutakoaren %20a; eta laugarrenak bi xanpain botila eta bildutakoaren %10a. Gauean, berriz, afariak, erromeriak eta DJ saioak borobilduko du eguna.

Igandean ere egun osoko egitaraua izango da herritarrentzat, eta besteak beste, elizkizuna, patata tortilla lehiaketa, puzgarriak eta Gazte Gaua egingo dituzte. Maiatzarekin batera, berriz, ohitura den moduan Gurutzetxoko krosa jokatuko dute 2018etik 2010era jaiotako umeek zein amek. Eguerdian, urtero bezala, bazkariak egingo dute auzoan, eta puzgarriek zein buruhandiek itxiko dute festen egitaraua.

Egitaraua

Apirilak 28, ostirala:
  • 19:00etan, txupinazoa.
  • 22:00etan, mus txapelketa Floreagako tabernan.
Apirilak 29, larunbata:
  • 11:0ean, bolo txapelketa 15 urtetik beherakoentzat.
  • 12:30ean, bolo txapelketa helduentzat.
  • 17:00etan, eskoba txapelketa, Floreagako tabernan.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 21:00etan, afaria eta erromeria Laja eta Narbaizarekin, Floreagako tabernan. Erreserbak: 629 53 62 10.
  • 23:00etan, Gazte Gaua txosnan. Kanutto DJa.
Apirilak 30, igandea:
  • 09:00etan, meza auzoko hildakoen alde, Floreagako kaperan.
  • 11:00etan, VI. Patata Tortilla lehiaketa.
  • 12:00etan, trikipoteoa Naiara eta Lanberrirekin.
  • 15:00etan, puzgarriak.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 22:30ean, Gazte Gaua txosnan: DJ Kanutto.
Maiatzak 1, astelehena:
  • 11:00etan, Gurutzetxoko XXXIX. Krosa. Izen-ematea, 09:30-10:45 tabernan.
  • 14:00etan, paella eta oilasko jana, Etxeberritxok eta Ugaitzek animatuta, Floreagako tabernan. Erreserbak: 629 53 62 10. 
  • 15:00etan, puzgarriak eta apar festa.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 20:00etan, festen amaiera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide